Ikusten ez duenak ez daki zer den hau

argia
0
Estraktibismoari buruzko euskal birako kideak OPSur behatokiko lagunekin, Patagonia iparraldean. Argazkia: Antv Nawel / OPSu

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Aktibistak estraktibistak ikustera joan dira. Ez, ez dira aktibista extrak, ez ez, are, aktibistak ez dituzte maiteegiak. Argentinako Vaca Muerta megaproiektua bertatik ezagutzera joan dira Euskal Herritik hainbat eragile eta hedabidetako ordezkariak, tartean Urko Apaolaza ARGIAko kazetaria. Herrialde osora besoak luzatzen dituen estraktibismoaren proiektu estrategikoa ezagutu dute OMALen (Latinoamerikako multinazionalen behatokia) gidaritzapean.

Buenos Airesen eta Neuquenen egon dira. Hain justu bigarren honetan dago Vaca Muerta megaproiektuaren bihotza, Patagonia iparraldean, eta izan dute aukera Argentinako sindikatuekin, eragile sozialekin, maputxeekin eta Equipo Transiciones deituriko taldeko “pertsona oso esanguratsuekin” egoteko. “Eraman gaituzte petrolio putzuak ikustera, estraktibismoaren bira egin dugu”, azaldu digu Apaolazak. “OPSur-eko kideekin, Hegoaldeko petroleroen Behatokikoekin, egoteko aukera izan dugu, eta berauek dira proiektua gertutik jarraitzen ari direnak. Azaldu digute zertan den Vaca Muerta, norainokoa den eragiten ari diren kaltea, interesak…”, esan digu kazetariak, “eta orain gure lana ikusitakoari zabalkundea ematea da, hori da ARGIAtik egingo duguna”.

Anekdota batek batzuetan laguntzen du egitasmo baten dimentsioa neurtzen. Kristalina Georgieva Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari orokorraren bisita izan zen, kasualitatez, justu euskal ordezkaritzak bisitatzekoa zuen leku eta ordu berean. Ibilbidea aldatu behar izan zuten.

Maputxeen borroka
Maputxeen komunitateak dira lof-ak eta beraiek dira estraktibismoaren aurkako borrokan puntan dabiltzanak. “Hasita gaude gaiaz erreportajeak argitaratzen eta horretan jarraituko dugu, borroka hau ikusarazteko”, adierazi du kazetariak.
Euskal Herritik Argentinara joandako sindikatuetako, unibertsitateko, elkarte ekologistetako eta hedabideetako kideek harremanak mantentzeko asmoa dute estraktibismoaren gaiari jarraipena egiten segitzeko. ARGIA ere bertan izango da, ikusten ez duenari ezagutarazteko zer dagoen itsasoaren beste aldean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA