Udazkena betelanez betea

argia
0
ARGIAko podcastei bukatu zaizkie oporrak. Bakarren bat hasita dago, eta gainerakoak urrian eta azaroan abiatuko dira.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] ARGIAren podcasten ikasturte berriaz egin behar omen nuen artikulu hau, hastera doala eta horren berri emateko. Harritu itxurak eginez (eta pixka bat txula) esan nien ez ote gabiltzan beranduegi (txiste txarra ere egin nien), umorezko saio hori hasita dagoela… “Bai, tira, talde autonomoren bat badaukagu tartean, beraien puzkerrera joaten diren horietakoak; jende serioaren podcasten ikasturte hasieraz ari gara”, erantzuna jasota ekin diot jende serio hori bilatzeari.

Urrian emango diote saio gehienek hasiera denboraldi berriari. Hor ikusi-entzun ahal izango ditugu: Nagore Irazustabarrenaren Oroimen histerikoa, historiako bitxikeriez ariko zaiguna; astero, asteartetan. Garbiñe Larrearen Menda bikoitza, beste denboraldi batez sendabelarren inguruko jakintza zabaltzen; bi astean behin asteazkenetan. Eta Mikel Garciak gidatutako Etxerako lanak, hezkuntzako gaietan janzten jarraitzeko; astero, astelehenetan. Guztiak ARGIAren plataformetan.

Egonarria saioaren jarraitzaileok, lasai, bideo-podcast honen hasiera pixka bat atzeratuko da aldaketa batzuk datozelako Eli Pagolak eta Mattin Jauregik gidatzen duten saioan eta berrikuntza batzuekin iritsiko da denboraldi berria azaro aldera.

BTLN saio berria
Estreinaldia izango dugu urriaren 26an. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari jarraipena egingo dion bideo-podcasta izango dugu ikusgai egun horretatik aurrera. Duela lau urteko BTN saioen bidetik eta letra bat gehituta, BeTeLaNa (BTLN) izenarekin zortzi saioz gozatzeko aukera izango dugu. Umoretik batzuetan, tertulia formatuan, kritika, analisi eta seriotasunarekin nahastuta… Ideia bat egin dezazun: bertso-saio bat entzun duzue lagun artean eta bazatozte lau lagun autoan, ordubete inguruko bidaia batean, eta hor aipatzen dituzue gustatu zaizkizuen bertsoak, potoak, gaiak, ondoan zeneukaten gizonaren zirkunstantzia aurpegia, lau ilara aurrerago, profesional, koadernoan errimak apuntatzen zituzten bertsozale sutsuak, puntuazioak, epaileen irizpideak…

Udazkena edukiz betetako betelanez betea datorkigu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA