Joko berria, bertsoetara ekarria

argia
0
Historia ardatz zuen denbora lerroaren jolasaren ondoren, ARGIAk bertsolaritzaren historiako 60 gertakari biltzen dituen kartak argitaratu ditu. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ikusi zaitut asteburuko saioan, irakurle. Bai, zu. Bertso-saioan zeunden, publiko artean kamuflatuta koadernotxoa eskuetan, aditu plantetan-edo errima guztiak apuntatzen, zure puntuazio pertsonalak jartzen amaieran epaileen puntuazioekin alderatzeko (eta koadratzen ez dutenean haserretzeko, bide batez). Potoak belarrian min egin dizu. Gaur egungo bertsolaritza kontrolatzen duzu, garbi dago, arauak, gaiak, doinuak… Baina, eta lehengoa? Historia egiteko gai bazara? Bada, orain atera dezakezu bertsolaritzako C2 titulua, bertsozaletik bertsofriki izatera pasa. Kalean da Bertsolaritzaren Data-zarta!

Euskal Herriko historiari lotutako denbora-lerroaren jolasa plazaratu zuen lehengo urtean ARGIAk. Hamar urtetik gorakoentzat gomendatutako mahai-jolasak harrera ona izan du eta adin guztietakoak izan dira erosle eta jokalariak. 2025ean esan ez zutena izan zen, etorriko zirela gai zehatzei lotutako denbora-lerroak ere eta honek aurreneko Data-zarta osatzeko aukera emango zuela. Alegia, lehen mahai-jokoa dutenek gehitu ahal izango dizkiote jolas horri berari karta gehiago, bertsolaritzari lotutako galdera zehatzak sartuz. Dena den, “bigarren jolas hau modu independentean erabil daiteke arazorik gabe”, esan digute ARGIAko Azokako kideek.

60 gertakari
Jolasaren funtsa da (bai Euskal Herriko historia orokorrarena eta baita bertsolaritzarena ere) mahai gainean kartak ordena kronologiko egokian kokatzea, zer gertatu zen lehenago eta zer geroago asmatzen joatea. Bertsoa oinarri duen mahai-jokoak 60 gertakari biltzen ditu. “Ihes egin dugu beti egiten diren kontakizun politiko-militarretatik, historia koloretsuagoa agertzea inportantea iruditu zaigu”, zioten lehen jolasaren egileek. Lortuko ote zuten bigarren honetan ere efektu berdina? Marrazkilari lanetan Eñaut Aiartzaguena Bravo aritu da, koordinazioan Amaia Egidazu Arrube eta Iñaki Sanz-Azkue, eta bertsolaritzaren edukiak eskaintzen Aner Peritz Manterola.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA