Piezaka osatzeko erraldoiak

argia
0
Erraldoiak eta buruhandiak protagonista dituzten ipuinen eta karta-jokoaren ondoren, puzzleen txanda da. 40 piezako bi eta 80ko bat atera ditu ARGIAk. Argazkia: Dani Blanco / CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Azken aldian haurrentzako liburuetan bazen behin batekin hasi baino, sarriago irakurri dut “inork ez du oroitzen nola heldu zen, baina hortxe zegoen” edo antzeko formularen bat. Inork ez du oroitzen nola heldu zen, baina hor dago erraldoi eta buruhandien moda. Ni umea nintzela ez dut gogoratzen halako lilurarik nienik baina tira, agian orduan ere izango zen? Orain hortxe dago, behintzat, eta ARGIAn puzzle forma eman diote.

Ojo Biriki, Zumalakarregi, Tartalo, Akerbeltz, Joxepamunda, Mari, Toko-toko… berriz ere bueltan dira etxeko txikien gozamenerako. Hiru puzzle dira denera, bi zailtasun mailarekin. 40 piezako bi puzzle batetik, eta 80 piezako bat bestetik. Trebeenek –edo pazientzia gehien duenek– bakarka egin ditzakete, baina taldean eta laguntzarekin ere osatu daitezke erraldoi eta buruhandien irudiak.

Aurrekariak
Bazetorren olatua, Sanferminetan jendetza kalean behetik gora bezala, Caravinagreri ihesi; 2024an argitaratu zen Salba dezagun kalejira ipuin-bildumari hasiera emango zion liburua eta atzetik etorri zen Hegan. Bi horien ondotik heldu zitzaigun pasa den udazkenean erraldoi eta buruhandien karta-jokoa ere. Eta denak heldu zaizkigu, puzzleak barne, Adur Larrearen arkatz finaren eskutik. Bere marrazki jostari eta koloretsuek zipriztindu dituzte guztiak, ohiko duen estilo propioz. Margolari hau da Kukutturlio txoritxoaren sortzailea eta Euskal Herriko erraldoi eta buruhandiez gain, bi liburuetan hain ezagun egin den Kukutturlio ere ibiliko da piezaz pieza jostari, jai giroan pozik.

Dagoeneko salgai dago eta eskuratu daiteke ARGIAren Azokan edo telefonoz, 943 371 545 zenbakira deituta. Eta, noski, Durangoko Azokan ere produktu izarretakoa izatea da asmoa. Ez dakit hainbesterako izango den, baina dakidana da etxe batean baino gehiagotan Gabonetarako konponbidea topatu berri dutela albiste honekin. Albiste erraldoia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA