Zeri erantzun behar dio nagusiki azal berriak? Galdera egin eta erantzun bila abiatu ginen duela urtebete, Interneteko azal berria behar genuela pentsatzen hasi ginenean. Eta erantzuna zera izan zen: “Argian egiten dugun guztia gaur egun baino hobeto bildu behar du. Era ikusgarriagoan, erabilgarriagoan eta gure Interneteko kazetaritza moldean sakonduz”. Gaur aurkezten dugun atariarekin abiatzen gara helburu horien bila.
Ikusgarriago badago, erabilgarriago ere bai eta orain frogatzea dagokigu Interneteko euskarrian gure kazetaritza egiteko tresna ere badela, hori, ibiliaren ibiliz egiten baita. Funtsean, ARGIA astekarirako, Interneterako, Larrunerako eta Urtekarirako ekoizten dugun informazio kopuru handi horri bistaratze egokiagoa eman nahi genion gure azalean. Eta, bidenabar, tresna eraginkorragoa eskuratu eguneroko eta uneoroko produkzioan sakontzeko. Azenarioa jarri dugu begien aurrean eta orain erredakzio osoak urrats bat gehiago eman beharko du berau osatzeko. Horra gura jardueraren hirukia: sortu (gurea), sailkatu (besteena), eskaini (gurea eta besteena).
Baina gure produkzioaz gain, bestelako edukiak ere jartzen ari gara sarean, nagusiki ikus-entzunezkoak. 2006an ekin genion ikus-entzunezkoen ekoizpenari, baina berehala ikusi genuen biltegi lana ere egin genezakeela, bai erreferentzia guneak finkatzeko, bai erabiltzaileari kalitatezko edukiak eskaintzeko. Film laburrak biltzeari ekin genion, gero dokumentalak eta ondoren ekitaldiak, batez ere hitzaldiak. Orain, webgune berriak herri ekimenean sortutako lanak ere bilduko ditu, izan flash mob, lip dub edo dena delakoa.
Blogetan ere sakondu dugu, bai gure kazetari eta kolaboratzaileen blogei garapen bat emanez, bai blogari gehiago erakarriz. Neurri batean, sare sozialek itzali egin dute garai bateko blogen indarra. Twitterreko jarioak edukiak informazioaren zabortegi erraldoi horretara bideratzen ditu, eta blogak jarraitzen du izaten blogari bakoitzaren eduki biltegi ederra, eta edonoren eskura dagoena. Bloga da sarean kazetaritza edukiak –edo bestelakoak– biltzeko tresna sendo, aske eta malguenetakoa. Gaur egun, munduko kazetaritza sendo eta konprometituenetakoa blogetan egiten da.
Eta utzi ditugu jorratu gabeko atalak ere. Halako berrikuntza bati ekiterakoan nekez borobildu daiteke dena kolpean, hobe garapen leiho bat irekita uztea. Guk, adibidez, sare sozialekiko interakzioaren hobetzea hurrengo urrats baterako utzi dugu. Berdin erabiltzailearen parte hartzearena. Irakurle edo ikus-entzuleak parte hartu ahal izango du bere iruzkin eta proposamenekin gure edukietan, baina ez nahiko genukeen aukera guztiekin. Sareak izugarri zabaldu ditu edozein herritarrek kazetaritza jorratzeko aukerak, baina gaur gaurkoz, ez dugu sinesten erabateko horizontalitatean. Aurrerago, alabaina, izango dugu gai honetan sakontzeko aukera. Baditugu parte hartzeari buruzko ideiak, eta datozen hilabeteetan joango gara indarrean jartzen apurka.
Eta sosak? Esaten da Internet merkea dela, eta bai, ohiko jardueran bada, esaterako, papera baino merkeagoa. Baina berrikuntzak informatikarien, programatzaileen esku dira neurri handi batean eta hauen esku lana garestia da. Garestia den moduan halako berrikuntza bat nolakoa behar duen izan erabaki eta zaintzen duten profesionalen jarduera. Internet merkea izan daiteke, ezin ukatu, baina Interneten berritzaile izan eta berau norberaren jarduerara egokitzea, garestia izaten jarraitzen du.
On egin eta bota zure iritzia.
1 Iruzkin
Aupa Argiakideok! Zorionak webguneagatik, benetan atsegina izan da sorpresa, oso itxura ona dauka, orain ikusi beharko ea zenbaterainoko zukua ateratzen diozuen. Hala ere esango nuke aterako diozuela, azken bizpahiru urteetan oso ongi ari bait zarete. Nere ustez, euskal herriko mediorik modernoena zarete. Zorionak eta segi horrela.