Aktualitatearen Gakoak, urteari heltzeko liburua

argia
0

12646659_10153860829974929_1960134129203149737_o

Harpidedunek etxean jaso dutenez, Aktualitatearen gakoak 2015 liburuxka argitaratu berri dugu. ARGIAko papereko produktuak fintzeko lanetan aritu gara azken urteotan: duela pare bat urte Larrun berritu genuen, iazko urte bukaeran astekaria, eta oraingoan, urtekariari heldu diogu. Liburuxka hau ARGIAko online dendan ere eskura dezakezu. Hala ere, iazko urtera arte egiten genuen “Euskal Kulturaren Urtekaria“rekin zertan aldatu den azaldu nahi dugu.

Diseinuan lehenik aldaketa, erabat berritu baitugu, eta astekariarenarekin bateratzeko baliatu dugu.

Aldaketa nagusia gaia da: lehen euskal kultura lantzen genuen xehe. Oraingoan, ohiko kultura, euskara eta hezkuntza gaiei ARGIAn egunero lantzen ditugun beste hainbat ardatz gehitu dizkiegu: ingurumena, feminismoa, herri mugimenduak, gizarte gaiak, ekonomia, politika, kirola… Min ematen baitzigun urte osoan gertutik jarraitutako gaiak urtean behingo produktu landutik at uzteak.

Ohiko urtekariaren funtzioaz hausnartu izan dugu, internetek ez ote duen zalantzan jarri haren erabilgarritasuna: egun interneten eskura ditugu urteko gertakizun eta gorabehera zehatzak, baita ARGIAren Urtekariak bukaeran ekartzen zuen kultur eragileen telefono eta helbide zerrendak ere. Zeri eutsi, ordea? Zein da, gure ustez, urtekariaren balioa, muina? Paperak etorkizuna duela pentsatzen dugu, eta horretarako aurkezpen erakargarria lantzeaz gain, gakoa edukietan sakontzea dela uste dugu. Hiru atal nagusi hauetan antolatu dugu:

Urteko gai garrantzitsuenen kronikak

irudi4

Erabilgarritasuna eta interesgarritasuna irabazteko, erabaki dugu urteko gertakizun kronologikoetan oinarritu beharrean, urte honetan pisu berezia izan duten gaiak sakon lantzea, irakurleek liburuxka bakarrean izan ditzaten bilduta aktualitateko gaien sustraiak, gertakizun horien garapen sekuentziak, eta pertsonaiek jokatu dituzten rolak. Eta kasualitate itxura har dezaketen gertakizun horien oinarria azaltzea, aurrerantzean eremu horretan “gertatuko” diren albisteak ulertzeko gakoak ematea. Mundua ez baita urte batetik bestera aldatzen, aktualitatearen irakurketa patxadatsua eskaini nahi dugu, hondoko ikuspegia lantzeko gonbidapena egin.

Aurreko urtekarian horrelako bi kronika sakonek irekitzen zuten urtekaria, eta horiek ziren ongien baloratutako edukiak. Oraingo honetan, kronika bana eskaini nahi izan diogu urteko gai nagusiei, eta zortzi osatu ditugu.

irudi1

Joerak, aurrera begirako ikuspegia

Aurreko urtekariaren azken urteetan leku egin genien joerei, aurrera begirako ikuspegia lantzen duten artikulu laburrei (Joseba Larratxeren marrazkilariaren irudiz biribilduak, dena esan behar bada). Atal honi eutsi diogu: hamabi joera dituzu eskura, Berako artistaren irudiek jantzita.

irudi2

ARGIAren onena

Irakurleok badakigu ezinezkoa dela astero ARGIAn ateratzen den dena irakurtzea. Zentzuzkoa iruditu zaigu urtean zehar atera ditugun erreportaje, elkarrizketa eta albiste hautatuen bilduma bat eskaintzea liburuxka honetan, denborari eusten diotelakoan, eta tartea dugunetan gustura irakurriko ditugulakoan.

Ea Aktualitatearen gakoak liburuxkak irabazten duen gure etxeko apalategian leku bat. Aktualitatea ulertzeko, gakoez hausnartzeko edo kalitatezko kazetaritzaz gozatzeko behin eta berriz liburuxka honetara joko dugulakoan gaude.

onenar

Webgunean irakurgai

Asteazkenetik aurrera, artikuluak banaka ARGIA.eus gunean irakurtzeko aukera izango da.

Aldaketa hau guztia harpidedunen babesari esker egin ahal izan dugu. Online ere erosi eta ARGIA bultzatzeko aukera badago, ARGIAko dendan, 9.95€an.

Mila esker, zeuri ere, kazetaritza independentea bultzatzeagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA