Espainiako Kongresuak 2015eko uztailean Mozal Legea onartu zuenean, mozalik gabeko kazetaritza egiten jarraituko genuela esan genuen ARGIAko kideok. Hala egin dugulako, atxiloketa baten berri emateagatik, isuna ezarri digute.
Mozal Legea injustua da eta askotan salatu dugun gisan, kazetarion lanari bete-betean eragiten dio. PPk bakardadean aurrera eraman duen lege honek mezularia zigortu nahi du. Herritarren oinarrizko eskubideak urratzen ditu, tartean adierazteko eta informatzeko askatasuna, Nazioarteko Zuzenbideak giza eskubide gisa aitortutakoak.
Egun argiz egindako operazio batean zer du Poliziak ezkutatzeko? Zeren beldur egon daitezke gertatzen ari zenaren berri besterik eman ez zuen kazetariaren aurka jotzeko? Funtzionario publikoen lanaren berri emateak ez al du demokrazia bera indartzen? Ustelkeria kasu saldoen ostean, ez al da politikari guztien ahotan den gardentasuna bermatzeko ariketa? Mozal Legeak bestelako logika darabil ordea.
Mozal Legeak delitu bilakatu nahi ditu besteak beste, manifestarien aurkako poliziaren gehiegizko indarraren erabileraz informatzea, etxegabetzeen zuzeneko kontakizuna egitea eta kolegiatu gabeko kazetaritza herritarra. Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzak gure kontra zabaldutako kasuak agerian utzi duenez, polizia-operazioen berri ematea ere oztopatu nahi du. Baina oztopatu besterik ez, Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan egunerokoan kazetaritza independentea egiten dugunok gure komunitateentzat interesgarri diren gaien berri ematen jarraituko baitugu. Informazioa negozio bilakatu duten gizon gutxiren kontrolpean dauden honetan hedabide gehienak, albiste asko baina informazio gutxiko garai hauetan, sinesten dugu kazetaritza independenteak zeregin garrantzitsua duela jokatzeko. ARGIAn behintzat horrela jarraituko dugu.
Boterearentzat deseroso diren gaiez informatzen dugun kazetariok beldurtu nahi gaituzte. Adierazpen askatasuna dugula diote, baina gauza batzuez ezin da informatu. Gu geu gure buruaren polizia izatera behartu nahi gaituzte, betetzen dugun funtzio publikoa egiteari utzi, herritarrei gai batzuk nolabait ezkutatu. Nola erakutsi momentuan gertatzen ari dena, edozein argazki, bideo, txio, edo streamingen gainean zigorraren itzala izanik? Babesgabe nahi gaituzte herritarrok eta kazetariok, polizien, Carlos Urquijoren edo Carmen Albaren moduko politikarien esku badago legearen (eta zigorraren) aplikazioa.
Lege injustuen itzala luzea izanik ere, ARGIAko kideok gaur berriz diogu ez dugula inoren baimenik behar, ezta eskatuko ere, gure lana egiten jarraitzeko. Herritarrok, informazioaren esparruan ere burujabe izateko pausoak ematen jarraitu behar dugula sinesten dugu. Eta horretarako, gure inguruan gertatzen denaren berri ematen jarraitzeko berme eta segurtasun bakarra komunitateak ematen digu. Horrelako uneetan babesa adierazten digun eta egunerokoan ARGIA proiektua posible egiten duten milaka lagunek osatutako harpidedun komunitateak.
1 Iruzkin
Argia behar dugu Kontzientzia garatzeko. Infernua daukagu bestela.
Aurrera, aldebakarreko duintasunetik, elkartasunez.
Biba zuek!