ARGIAren Azoka: Eman eta har ezazu

argia
0

“Hemendik aurrera ARGIA Jendeak eman eta hartu ahal izango du gure Azokan nahi duena, dirurik edo beste edonolako gairen trukerik gabe. Komunitateari albistea ematea komeni da”. Horixe da orain egun batzuk jaso dudan mezua. Eman eta hartu. Badakit Azoka berria martxan dela argia.eus-en, jakinaren gainean nago zerbait diru-truk erosi ahal izateaz gain norberak eta edozein eragilek edozer jar dezakeela bertan salgai… Baina musutruk eman edo hartzearen kontu hori… Xehetasun gehiagoren bila deitu dut Lasarte-Oriara, ARGIAko hauei burua joaten hasi zaiela esateko argudio bila akaso.

ARGIA Jendearen, komunitatearen arteko harremana bultzatuko du, konfiantzan oinarrituta. Alegia, gure bizitzetan gustuko ez ditugun kandadu, giltza edo pasahitzik ez da izango hemen ere. ARGIA kideari ez zaio identifikaziorik eskatuko. Komunitateko partaideak nahi duena eskaini diezaioke taldeari, edo beste kide batek emandako zerbait hartu. Ematerako orduan zer eskaintzen den eta zenbat adierazi beharko da, eta gaiaren bila joan beharra ote dagoen ala bidali egingo den –bidalketa gastuak hartzailearen gain joango dira–.

Informazioa era librean denen eskuragarri jarri, herritarrak informatzaile bilakatu, komunitatea ARGIA proiektuaren parte egin… Hori da filosofia, eta filosofia horixe bera ekarri nahi da Azokara ere, sistema komunitarioa. Eguneroko bizitzan dena ez da salerosketa edo trukea, eta normalean harreman ez ekonomikoek eusten gaituzte sendoen.

Tarifa finkorik gabeko harpidetza ereduak aurretik demostratu zuen ARGIA komunitatearen indarra. Bazen beldurra zuenik: “Bakoitzari nahi/ahal duena eman eta nahi duena jasotzen uzten badiogu ez al da jendea aprobetxatuko?”. Ikusi den arte konfiantzan oinarritutako komunitatea gehiago dagoela emateko eta ARGIA bultzatzeko, aprobetxatzeko baino.
Eta orain, dei eta azalpen horiek jasota nahikoa argudio badut esateko ARGIAko hauei burua joan zaiela. Baina biba zuek, zoroak! Oraindik ARGIA Jendea ez denak motibo bat gehiago du zoroetxera batzeko!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA