Gerezien denboran udaberri kooperatiboa

argia
0
Argazkia: @olatukoop.
Argazkia: @olatukoop.

Olatukoopek Saretze Eguna antolatuta berrogeita hamarren bat pertsona elkartu dira Azpeitian, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen bueltan dabiltzan hogeita hamar elkartetako kideak –batzuk barruan daude, beste batzuk gonbidatu egin dituzte, eta baten bat Olatukoop zer den ezagutzera gerturatu da–. Gereziak jaten ari naizela idazten dizuet oraingoan artikulua. Informazioa jaso bezain pronto hasi naiz ordenagailuko teklak astintzen, baina gerezi-denboran ezin fruta hain goxo eta polit hori jateari utzi!

Urtean behin Saretze Egun bat antolatzen du Olatukoopek, kanpora begira, urtean zehar Olatukoopera gehitu diren enpresa komunitarioak, lehenagotik kide direnak, eta Olatukoopekin harremana duten bestelako eragile eta norbanakoak batzeko helburuarekin. Eta joan den ekainaren 2koa ez da kasualitatea Azpeitian egin izana. Saretze Egunak Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearentzat erreferentzia diren lekuetan egin ohi dituzte, eta “Azpeitia bada guretzat erreferente bat”, adierazi digute Olatukoopetik. “Sanagustin Kulturgunea bera –bertan egin zuten eguna– edo Azpeitiko merkatu berritua eta bertan dagoen Elikagunea dira erreferentzialtasun horren adibide”, azaldu dute.

Aurten, gainera, helburu berezia zuen: “Antolaketa ereduaren bitartez gero eta gehiago garela sentitu eta erakustea”, azpimarratu dute. Horrelako egun baten ondoren, martxan diren ildoetan bidea jarraitzea da asmoa, eta udara begira kide eta bazkide gehiago izatea espero dute. Are gehiago, laster beste motatako eragile eta sareekin harreman estrategikoak lantzeko hitzarmenak egiten hasiko direla aurreratu digute.
Hogeita sei dira Olatukoopen barruan dauden enpresak, eta gehienetatik gerturatu zen norbait Urola bailarara. Baina inguruko beste proiektu batzuk ere gonbidatu zituzten, Azkoitiko Bizilore hezkuntza proiektua edo Azpeitiko ElkarEkin taldea kasu. “Harremanak estutzeko” balio izan duela uste dute antolatzaileek.

Udaberri kooperatiboa irudikatuz, gerezien denboran urtero horrelako Saretze Egun bat antolatzea da asmoa. Beraz, ea datorren urteko garaiko fruituak jaten ari naizela zer albiste iristen zaidan. Gerezien zain geratzen naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA