100 urte eta trabesian aurrera

argia
0

Egia auzoa, Ametzagaña 19. Egun Joxemi Zumalaberen egoitza dena ARGIA-ren erredakzioa izan zen 80ko hamarkadan. Argi koadroan dauden pegatinak garai haren lekuko dira. Argazkiak: Dani Blanco.

[Joxemi Zumalabe Fundazioa] Irutxuloko Hitzan argitaratutako artikulua (2019-01-18)

100 urte bete ditu Argia aldizkariak, eta urteurren horren bueltan gure ekarpena egin eta bidean partekatutako hainbat kontu gogora ekarri nahiko genituzke. Fundazioaren ibilbidea itsasontzi batean irudikatuko bagenu, olatu eta haizete artean Argiako lagunekin topo egitea, a zer altxorra!

Portuan. Fundazioa sortu zenetik, hau da, gure nabigazioa abiatu genuenetik izan dugu elkarren berri. Itsasontziaren izenak ere lotura handia du aldizkariaren historiarekin: 1996ko apirilean lagun talde batek fundazioa sortu, eta, adiskide zuten Joxemi Zumalabe Goenagaren izena jartzea erabaki zuten.

Joxemik Argia aldizkaria aurrera ateratzen lan handia egin zuen, baita Euskaldunon Egunkaria proiektua sustatu ere. Beste hainbat ekimenetan ere jardun zuen baina, zoritxarrez, gaitz batek eraman zuen 1993ko urtarrilean. Joxemi bera omentzeko eta herrigintzan egin zuen ekarpena gogoan izateko jarri zitzaion bere izena fundazioari.

Ganbaran. Egia auzoko Ametzagaña kalean dugun bulegoa litzateke gure itsasontziaren ganbara. Lokal horren genealogiaren arrastoak aurkitzen ditugu bulegoa txukuntzen hasten garen bakoitzean: herri mugimenduen liburuxka eta txosten zaharrak, Argiakoen pegatinak, 18/98 epaiketan erabilitako muralak, Euskal Memoria Fundazioko kartelak… Material zahar bakoitzak, badauka bere historia, eta ez da zaila Diogenes sindromeak jota galtzea. Arakatze lanetan hasiko bagina, bulegoaren sarreran kokatuta dauden Argiako pegatinek aldizkariaren mugimendu eta aldaketa garai batera garamatzate. 80ko hamarkadakoak dira gure ganbaran aurkitu ditugun oroigarri txiki hauek, Argia aldizkariko kazetariak tarte batez lokal honetan egon zirenekoak.

Fundazioko beteranoek garai hartan Argiako lagunekin batera bizi izandako hamaika pasadizo kontatu dizkigute.

Herri mugimenduen itsasoan. Portutik itsasoratu ginenenetik, Euskal Herrian bestelako jendarte eredu baten alde lanean ari diren herri mugimenduak laguntzea izan da gure kolektiboaren iparra. Hau da, Euskal Herriko herri ekimen, talde eta mugimenduek egiten duten ekarpen sozial eta politikoa ikusarazi, sendotu eta merezi duten aitortza egitea.

Eta itsaso zabal honetan trabesia egiten jarraitzeko, beste txalupa eta itsas-piztia batzuen ekarpena ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Tartean, hor ditugu herri ekimenetik sortu eta herri mugimenduei ahotsa ematen dieten hedabideak.

Herrigintzan ari garen eragileontzat, behar-beharrezkoak dira Argia bezalako egitasmoak: berrasmatzen diren kazetaritza proiektu independenteak, euskaraz eta herri mugimenduokin konprometituak. Etorkizunean ere, ezinbestekoa da guretzat haien lana, eta beharrezkoa guk babesa eta sostengua ematea.

Efemeride hau, orain arte bizitako abenturen ospakizuna izan dadila! Beste mende batez, elkarrekin txikitik eragiten jarraituko dugulakoan, besarkada estua eta eskerrik asko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA