[Itsaso Zubiria Etxeberria] Festa baten berri izaten dugunean normalena da galdetzea “zein da egitaraua?”, “zer antolatu dute?”, zer egongo da?”. Kartelari erreparatzen diogu. Ikuskizunari. Ohitu gara kartel indartsuak ikusten, punta-puntako taldeen kontzertuetara joaten. Eta horrelakorik ezean, komentario aski entzuna: “Aurtengo kartela eskasa da”. Baina inor gutxi aditzen da festa ereduaz hizketan. Egitarau ahalik eta sendoena bai, baina antolatzeko moduari, ditugun baliabideei edo kontsumituko diren janari-edariei erreparatuz.
Hori da ARGIAk bere 100. urteurren festan, urriaren 12an Donostian egingo duena. Zerbaitegatik jarri zaio Deskoloniza gaitezen izena. Egun aproposa tokatu da aldarrikatzeko herri honen deskolonizazioa. Baina zer herri eraikitzeko? Sistema kontsumista berdinean biziko den herria? Festa eredu kontsumistatik deskolonizatzeko aprobetxatu nahi du ARGIAk.
Kontsumitu buru pixka batekin
Jai herrikoi eta parte hartzailea izatea da helburua. Dena den, ez da asmoa inor gose-egarriak hiltzea eta egongo da aukerarik horretarako Trinitate plazako txosnan. Bi garagardo egongo dira aukeran. Baina ez, ez da bata artisaua eta bestea komertziala izango. Pagoa eta Otsaihen artisau garagardoak egongo dira aukeran, biak Euskal Herrian ekoitzitakoak. Ardoa, berriz, Candido Besa Arabar Errioxako upategitik ekarritakoa izango da, zuria eta beltza, biak ekologikoak. Ura nahi duenak, zer hoberik iturrikoa baino? Zortzi iturriko aska egongo da prestatuta Trinitate plazan eta ez, ez da ur botilarik egongo. Bazkarirako ARGIAk Saizar sagardotegiko barrika, mahaiak eta aulkiak jarriko ditu, eta jatekoa norberak ekartzea aurreikusten da.
Egun horretan erabiliko den argindarra Goiener enpresak hornituko du.
Eta egun osoan ARGIAren Azoka zabalik egongo da Trinitate plazan: azken aldian atera ditugun liburu, kamiseta eta jolasak erosteko aukera egongo da. Eta baita Argia Jendearentzat “musu truk” direnak ere. Beraz, inork ARGIA komunitateari zerbait eman nahi badio, eraman dezala Trinitate plazan egongo den ARGIAren mahaira. Hori bai, ez da altzariak edo etxetresnak emateko eguna; mesedez, poltsatxo batean garraiatzeko moduko gauzak behar dute izan oraingoan: baratzean gainezka ditugun horiek, armairuan jantzi gabe denbora gehitxo daraman beste arropa hori…
Deskolonizatzeak badirudi baduela bere grazia. Saiatuko gara urriaren 12an?