Ohiturak aldatu, egoera berrira moldatu

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Etxetik ateratzen uzten ez diguten garai hauetan entretenimendurako errekurtsoak berriak ari gara sortzen. Ohiturak ari gara aldatzen. Argian, norbere etxeko ohiturak aldatzeaz gain, informatzeko moduak ere aldatu dira. Azken hiru astekariak, paperekoak, ez dira inprentatik pasa. Baina bitartean interneten aritu gara jo eta su, aktualitateari buruz ahalik sakonen informatzen. Sortutako artikulu pila horren artean edonorentzat bilaketa erraza izan dadin, argia.eus webgunean sartu eta albiste guztien gainean espreski barra bat prestatu da “Koronabirusaren krisia” izenarekin. Azken orduaren jarraipena egiteaz gain, ARGIAn bezala beste hainbat komunikabidetan gaiaren inguruan sortzen ari diren artikuluak bilduta daude webguneko goiko barra horretan, gaiaren arabera hiru atal hauetan bilduta: “Shockean adi“, “Biharamunari so” eta “Erantzun soziala“.

Eta horrez guztiaz gain, proiektu berriak sortu ditugu. Informazioa modu askotara eman baitaiteke.

Txina zaharreko ipuinak

Azken hilabeteotan Txina gora eta Txina behera gabiltza, birusaren lehen sintomak han azaldu zirela eta albistegietako titularrak bete ditu ekialdeko indarrak. “Txina koronabirusa baino askoz gehiago da”, pentsatu zuen Jexux Eizagirre Portillok, eta ekin zion inguru haietan hitorian zehar sortutako ipuinak bilatu, hautatu eta euskarazko bertsioa egiteari. Bertsioa, garbi utzi nahi du, abiadura, mugimendua, indarra jarri nahi izan baitie ipuinei eta horretarako hizkuntza bakoitzak dituen errekurtsoak erabiltzea komeni baita, itzulpen zehatza egin gabe. “Transmititu behar da originalaren esanahia, eta ondoen transmititzen da hizkuntza bakoitzaren formulekin”, dio. Pako Eizagirre Irurek ahotsa jarri die kontakizunei, Maitane Gartziandiak ilustrazioak gehitu dizkie eta Eneritz Arzallusek edizioa eginda, ARGIAk aurreko astean zintzilikatu ditu, egunean bat, denon gozamenerako. Hemen zazpiak:

Ohasiko kronikak

Igandero umorezko irratsaio berezia argitaratzen da sarean: Oasiko kronikak. Konfinamendua aitzakia polita izan da lehendik zetorren ideiari forma eman eta martxan jartzeko. Hau irakurtzen ari zarenerako bosgarren saioa zabalduta egongo da. Hemen guztiak entzungai.

Jakoba Errekondoren zuzeneko kontsultategia

Baratze eta lorategietan lan gehien dugunean moztu dizkigute hegoak. Ordea galdera asko ditu oraindik jendeak eta horiei denei erantzuna eman nahian ostegunero Jakoba Errekondok Facebookeko Bizi Baratzearen orrian eta argia.eus webgunean zuzeneko emankizuna eskaintzen du. Galderak aurrez landarekontsultategia@bizibaratzea.eus helbidera idatzita eta zuzeneko saio horretan emango ditu erantzunak. Ostegunero, 18:00etan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA