Mozala zaunka egiten duenari

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Gasteiz izan da eszenatokia oraingoan. Ez behin, bitan. Etxegabetze batekin lotutako polizia operazioa batetik eta Talka espazio okupatu feministaren desalojoa bestetik. Bi momentu, bi kazetari, bi grabazio, bi uniforme eta erantzuna bakarra. ARGIAko eta Hala Bedi irratiko kazetarien lana oztopatu nahi izan du Poliziak, Mozal Legea aplikatzearen mehatxuak eta gezurrak erabilita.

Hitzetan geratu ziren mehatxuak, kazetariek ez zuten isunik jaso. Baina horrek ez dio gertatutakoari larritasuna kentzen. Bi hipotesi pizten dira berehala, ez aurrenekoa bigarrena baino hobea. Bata da: polizia gezurretan ari al zitzaion kazetari bati, beldurra sartu eta bere lana oztopatzeko? Bigarrena: poliziak ez ote ditu herritarron eta kazetarien eskubideak, eta poliziaren betebeharrak ezagutzen?

Garrantzitsua da gure eskubideak ezagutzea. Garrantzitsua da informatzen jarraitzea eta informatzeko daukagun eskubidea aldarrikatzea. Ez kazetariak bakarrik, edonork graba ditzakegu poliziaren ekintzak; Mozal Legeak ez du kontrakorik esaten, epaitegiek ere onartu dute eskubide hori, ondoren irudi horiei emandako erabilera da zigor daitekeena. Inportantea da antzeko egoera batean aurkituko bagina jakitea zein diren gure eskubideak eta zerk babes gaitzakeen. Baina tentsio uneak izan ohi dira, indar-harremanak egoten dira eta eszenatokia asko alda daiteke egoera batetik bestera. Inork zalantzarik izango balu, Topatuk, Ahotsak, Hala Bedik eta ARGIAk Eleak mugimenduarekin elkarlanean sortutako Grabatu polizia bideoak oso lagungarri izan daitezke.

Isunik ez dute jaso, baina salaketa jarriko dute bi hedabideek Sindikoan eta Arartekoan (Gasteizko eta EAEko herritarren defentsarako instituzioak, urrenez urren), Kazetarien Euskal Elkargoaren (KEE) eta Euskal Kazetarien Elkartearen (EKE) babesa dutela.

Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen

Mozal Legea 2015ean onartu zuen Espainiako Kongresuak, oso testuinguru zehatzean. 2008ko krisiaren ondorioak herritarrek ordain zitzaten egin zituzten maniobra estrategikoak boteretsuek. Haserretu zen jendea eta 2011n politika horien kontrako protesta indartsuak piztu ziren estatuan, eskubide zibil eta politikoen erabilera ugaritu zen, tartean polizia gehiegikerien irudiak jasotzekoa. Eskubide horien “gehiegizko” erabilera argudiatuta onartu ziren Mozal Legea eta zigor kodeko beste hainbat moldaketa. Orain, 2008koa anekdota batean utz dezakeen krisi berri baten aurrean gaudela diotenean, begi guztiak adi eta kamerak prest, historia hurbila errepikatzea nahi ez badugu.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA