Lau hilabetez ARGIAn

argia
0
Oihane Arretxea eta Ixone Arana ARGIAko erredakzioan praktikaldia burutzen. Argazkia: Dani Blanco.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Otsailean sartzearekin batera bi sinadura berri hasi ziren agertzen argia.eus atarian. Bertan pixka bat ibiltzen denak ongi jakingo du joan-etorrian badabiltzala zenbait lagun, kazetaritzaren bueltan lehen pausoak ematen ari diren gazteak sarri, ARGIAra praktikak egitera gerturatu direnak. Ixone Arana eta Oihane Arretxea dira lau hilabeterako etorri direnak. Beraiekin hitz egin dugu, pixka bat ezagutzeko asmoz.

Aukera desberdinen artean ARGIA aukeratu duzue praktikaldirako. Zergatik?

Ixone Arana: Astekari bezala oso erakargarria egiten zait ARGIA, erreportaje interesgarri eta sakonak argitaratzen dira; eta ezin ahaztu Euskal Herri mailako komunikabide garrantzitsu bat dela. Kazetaritza independentea egiten duen komunikabidea, herriarekiko interesa erakusten duena… puntu garrantzitsuak dira niretzat, eta oso erronka ederra iruditu zitzaidan kazetari moduan bertan trebatzeko aukera.

Oihane Arretxea: Gradua amaitu aurretik praktikaldiren bat egingo nuela argi nuen, baina soziologia ikasketak egiten arituta, ez neukan buruan kazetaritza praktikak egiterik. Argiaren aukera zabaldu eta erakargarria egin zitzaidan, bai bainekien nire intereseko gaietan murgiltzeko aukera izango nuela, ordura arte probatu gabeko perspektiba batetik.

Zer da bertan jasotzen ari zaretena?

Oihane Arretxea: Pandemia testuinguru honetan zaila da leku berrietan eroso sentitzea, baina harrera oso ona egin digute hasieratik eta pixkanaka ari gara harremanak sortzen. Gauzak lasai azaltzeko eta erakusteko prest egoten dira beti eta hori asko eskertzen da, bereziki kazetari lana zeharo berria denean norberarentzat.

Ixone Arana: Idatzizko kazetaritzan trebatzen ari naiz eta asko laguntzen didate. Beste komunikabide batean praktiketan egon ostean, ARGIAn asko eskertu dudan gauza bat da ikasten laguntzen digutela, kazetaritzaren munduan benetan zertan eta nola hobetu dezakegun esaten saiatzen dira momentu oro.

Zein gaietan sentitzen zarete eroso?

Oihane Arretxea: Gizarte gaietara jotzen dut normalean. Gehienbat esperientzia soziokomunitarioetan jarri dut azken aldian arreta. Halere, denetarik lantzea gustatzen zait, arlo desberdinetan murgildu eta gauza berriak ikastea beti da interesgarria.

Ixone Arana: Kulturara jotzen dut nik eta gustatuko litzaidake zenbait komunikabidetan merezi duen espazioa eskaintzea kulturari. Horretaz aparte, azken aldian piztu zait nazioarteko edo politika gaiekiko interesa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA