Amuak, sareak

argia
0
Asier Kortabarria Hiru Damatxoko kidea argia-n izan zen sare sozialez hitz egiten. (Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Edo sare sozialetan bazaude, edo ez zara inor. Ikusezina zara. Hori da gaur egungo joera, askoren pentsaera eta askorentzat errealitatea. Baina sare sozialetan egoteak zer esan nahi du? Edozein modutara egoteak balio du? Zer komunikazio estrategia erabili behar ditu hedabide batek sare sozialetan funtzionatzeko? ARGIAk formazio saio bat egin berri du Hiru Damatxorekin eta hasteko, egin dute balorazio bat eta jaso dituzte iritziak eta aholkuak. Hemendik aurrera, egiteko aukera zabala dago, sare sozial bakoitzak irekitzen dituen ateak adina.

Aztertu dituzte, batez ere, Twitter eta Instagram –ARGIAk badu bere kontua batean zein bestean–. Ez dira sartu Facebook-en, baina errepasatu dituzte gazteenen artean azken joera diren Twitch eta Tik Tok ere. Errepasatu dute ARGIAk dagoeneko kontuak dituen bi sare sozialetan zer nolako jarduna duen. Asier Kortabarria “damatxoa” izan da saioaren bideratzailea eta haren iritziz “gauzak nahiko txukun egiten dira”, baina badaude ARGIAri baliagarri izan dakizkiokeen zenbait tresna eta horrek emango lieke edukiei beste plus bat, zabalpenari begira.

Komunikazio estrategia bat planteatzen denean helburuak jarri behar dira lehenik. Helburu bat edo beste izan, edukiak zabaltzeko moduak ere desberdinak izango direlako. Helburuak markatu eta hori betetzeko teknikarik egokienak planteatu beharra dago. Sare sozialetan, gainera, komunikazio estrategiaz ari garenean algoritmoak presente eduki behar ditugu. Jakina den bezala, horien arabera funtzionatzen dute, eta jendeak guk zabaldutako edukiak ikustea nahi badugu, badaude formulak algoritmo horiek “saritu” gaitzaten eta guk zintzilikatutakoak zerrendaren lehen postuetan ager daitezen.

“Sare sozialetan badaude zenbait espazio euskaraz landu ez direnak, edo proposamen seriorik egin ez dena oraindik” (argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Euskararen presentzia

Kortabarriak azpimarratu du sare sozialetan badaudela “zenbait espazio euskaraz ez direnak landu edo ez denik proposamen seriorik egin eta akaso hor badagoela zer egina”. Erabiltzaile euskaldunak badaude, eta asko, sare sozialetan; erdaraz funtzionatzeko joera baldin badago ere.

Dena den, Kortabarriak garbi dio botatako proposamen eta aholku guztiek lan gehiago suposatzen dutela eta ahalik eta gehien optimizatu behar direla esfortzuak. Baina dena doa abiadura bizian. Sare sozial berriak datoz arrapaladan eta hor lekua topatzea ez da erraza. Baina hor ez bazaude, ez zara inor. Hor erronka.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA