Herri memoria elikatzen jarrai dezagun

argia
0
2023ko ARGIAren egutegia jadanik salgai dago Argiaren Azokan. (Argazkia: Dani Blanco)

[Itsaso Zubiria Etxberria] Horixe da 2023ko ARGIAren Egutegiaren helburua. Laugarren urtez efemerideek hartuko dute protagonismoa Euskal Herriko hamaika sukaldetan, goizero, eguna argitzearekin batera egutegiari orrialdetxo bat kendu eta historiaren dosi txiki bat dastatuz.

Datorren urtean badira urteurren borobil pila. 50 urte beteko dira Allenderen kontrako estatu kolpea eman zenetik Txilen, AEBetako azken soldaduek alde egin zutela Vietnamdik edo ETAk Carrero Blanco frankista airean bota zuela Madrilen. Mendeurrena beteko da Pantxo Villa mexikarra hil zutela. Erraz esaten da, baina hogeita bost urte beteko dira Lizarra-Garaziko akordioa sinatu zela, Egin itxi zutela eta Aitor Zabaleta hil zutela. Hogei, berriz, AEBen Irakeko inbasiotik edo Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Eta hamarkada oso bat pasa da bizardun batzuek Sanferminetako txupinazoan irribarre bat atera zigutenetik.

Urtero bezala, efemeride gehienak berriak dira eta eguneroko historia bat topatu, laburrean erredaktatu eta argazkia bilatzeak lan handia eskatzen badu ere, emaitzak merezi du. Xabier Burgaña ibili da lan horretan. Lau urte hauetan egindako lana Argia.eus-eko egutegiaren kanalean dago jasota eta eskuragarri dago nahi duenarentzat.

Egutegia aspaldiko produktua da ARGIAn, ia klasiko bat, esango nuke; ondo funtzionatzen du eta baditu jarraitzaile fidelak. Zahar eta gazte. “Gure amonaren sukaldea eta gure alaba lotzen dituen tresna”, irakurtzen genion abuztuan Hedoi Etxarteri Twitterren. Etxe batzuetan balio du belaunaldi desberdinetako kideak batzeko eta haurrekin erabili daiteke jolas modura ikasteko ere.

Historia edo gizartea bezalako irakasgaiak ingelesez irakasteko moda absurdo horri izkin egiteak geroz eta zailagoa dirudien garaiotan –historiarik eta ingelesik txukun ikasi gabe bukatzeko, azkenean– ARGIAk herri memoria elikatzen jarraitzeko hautua egiten du, etxe giroan, modu errazean eta euskaraz. Historia guk kontatzeak eta gure hizkuntzan kontatzeak asko esan nahi baitu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA