[Itsaso Zubiria Etxeberria] Euskal fedibertsoko topaketak egin dituzte maiatzaren 20an Oreretan. Euskal zer? Fedibertsoa, bai, ondo leitu duzu irakurle, sare sozial libre eta federatuak izendatzeko erabiltzen den hitza; federazio eta unibertsoaren batura. Fedebertsoa ere izan zitekeen, baina Euskal Herrian horretatik nahikoa badagoela eta nahasmena sor zezakeelakoan, hautatu dute -i-a -e-aren ordez. Total, ARGIA eta Iametza ere izan direla topaketetan eta kontatu didate nola joan zen eguna.
Modu sinplean azaldu didate kontua –kontzeptu abstraktu samarrak dira eta kosta egiten zait batzuetan irudikatzea, beraz, grosso modo–: ohiko sare sozialak ez dira libreak eta zentralizatuta daude. Adibidez, Twitter bat eta bakarra da, Elon Musk-ena; edo Youtube berdin, Google-rena izatea. Fedibertsoan proiektuak dira protagonista: badira Mastodon (mikroblogak), Peertube (bideoak), Pixefeld (argazkiak), Funkwhale (musika eta podcastak), Bookwyrm (liburuak) edo Lemmy (foroak), esate baterako. Eta horien barruan badira elkarren artean konektatutako euskarazko komunitate burujabe asko: mastodon.jalgi.eus eta mastodon.eus, peertube.euskarabildua.eus, bideoak.argia.eus eta peertube.eus, pixelfed.eus, baleafunk.eus, paperjale.eus edo lemmy.eus.
Euskal federazio digitalen unibertsoa geroz eta zabalagoa da eta elkar ezagutu, fedibertsoa ikusarazi eta etorkizun posibleetan pentsatzeko asmoz antolatu dituzte jardunaldiok.
ARGIAk bere esperientziaz hitz egiteko tartea izan du eta Asier Iturraldek eta Axier Lopezek ARGIA proiektua fedibertsoan nola murgildu den azaldu dute: zergatik egiten dugun talde gisa fedibertsoaren aldeko apustua eta bidean aurkitzen ditugun kontraesanak ere mahai gainean jarri dituzte.
Hiru data, hiru jauzi eta hiru kolpe azpimarratzen dira ARGIAren ibilbidean: 2018an Mastodon, 2020an baleafunk.eus –ARGIAko podcastak plataforma honetan daude– eta 2021ean bideoak.argia.eus –ARGIAko bideoak ez daude Youtuben, kanal honetan baizik–. Denak teknologia burujabetzarako bidean.
Mundu nahiko berria da sarearena, baina abiada bizian doa garatzen eta denon eskura dagoela, irekia dela eta askea dela dirudien horren atzean dauden kateak antzematen aspaldi hasi ziren batzuk. Mugitzen ez denaren kateena badakigu aski ongi zer den. ARGIAk fedibertsoan topatu du bere balioekin bat egiten duen komunitatea eta teknologiaren burujabetza helburu, badoa bere pausoak emanez, informazioa ahalik eta jende gehienarengana iritsarazteko asmoarekin, komunikaziorako bide berriak aurkitu eta probatzeko interesarekin, baina ahal dela edukien gaineko kontrola besteen esku utzi gabe.
1 Iruzkin
[…] laburra: bai, kateak nabaritu ahal izateko eta internet zati bat apurtuta […]