Gorputzen hitzak

argia
0
Olaia L. Garaialdek hasi duen ARGIAko atal berria.
Olaia L. Garaialdek hasi duen ARGIAko atal berria.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Correos-ek zure herrian ondo xamar funtzionatzeko zortea baduzu, dagoeneko jasoa izango duzu etxean aldizkari honen aurreko zenbakia. Bai, badakit absurdotik baduela puska bat esan dudanak; nola izango da posible astekari baten kasuan berriena lehenago ailegatzea aurrekoa baino, edo biak batera? Bada bai, hori da panorama. Baina aurreko zenbakiarena aipatu dizut, irakurle, begiratu bat emateko aukerarik izan baduzu agian ohartu zarelako atal berri bat dugula: “Gorputz hotsak”.

Olaia L. Garaialde da sinatzailea eta bi astean behin osatuko du aldizkariko txokoa. Gorputzak erdigunean jartzea da helburua, gorputzen aniztasuna ikuspegi desberdinetatik kontatzea, bizipenetatik eta euren hotsetik. “Gaia oso zabala da eta atalak bere baitan hartuko ditu oso aspektu desberdinak, beti ere gorputza zentroan jarriz: mintzatuko gara kapazitismoaz –gizartea pertsona desgaitu eta ez desgaituetan banatuta dago, eta desgaituek desgaitu izateagatik jasaten dute zapalkuntza–, egunerokoa baldintzatzen duten traba arkitektonikoez, entzumen urritasunaz, intersexualitateaz, kirol egokituaz… gorputzetik gauza asko esan litezke”, azaldu digu Arraitzeko (Ultzama, Nafarroa) kazetariak. Bizipenetatik kontatzea da asmoa, ahotsa beraiei ematea eta bakoitzak bere esperientziatik eta gorputzetik hitz egitea.

Hitzen neurria
Garaialderi proposamena ARGIAko lantaldetik heldu zitzaion, gaiari espazio handiagoa eman nahi ziotela-eta. Ordurako kolaboratzaile moduan ari zen lanean –2022ko urrian ikusi genuen bere sinadura lehen aldiz “Argi Kontra” atal finitu berrian– eta asko idatzi izan du osasun publikoaz, sexu-genero disidentziez… “Proposamenari denon artean eman diogu forma, pixkanaka joan baikara atala zentratzen”, azaldu digu. “Fintzen joan gara gaia eta eztabaidetako bat izan da, adibidez, hitzena. Zein hitz erabili. Ez baita gauza bera desgaitasuna edo aniztasun funtzionala, esaterako; eta bakoitzak du bere konnotazio politikoa edo konnotazio eza. Azkenean, erabaki dugu ahotsa gorputz horiei eman behar badiegu, hitzen erabilera ere beraien esku geratzen dela. Beraz, elkarrizketa batean hitz bat eta hurrengoan bestea irakurriko ditugu”, zehaztu digu. Sail berria pixkanaka joango da bere esentzia hartzen eta “gu ere ikasten joango gara, akatsak eginez, zuzenduz, moldatuz eta forma emanez”, azaldu digu.

Okupas motorizados elkarteko kideak izan ditu atal berria estreinatzeko lagunak, baina ezagutuko ditugu entzumen urritasuna duen pertsona baten eguneroko trabak eta horrekiko gizartearen jarrerak, hitz egingo du eromenaren autogestioaz, eta askoz gehiago.

Atala hasi besterik ez da egin eta mintza daitezela periferiak, gorputzetatik ere bai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA