[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ikusi al zenuen, irakurle, Korrika Euskal Herrian barrena zebilen bitartean ARGIAk egin zuen kanpaina? Korrikak iraun bitartean euskaraz ikasten ari direnek ARGIAko urtebeteko harpidetza doan edo kitorik eskuratzeko aukera izan dute. Zoro zoragarri horiek… pentsatu nuen. Baina gero, nire gogorako, “ondo neurtu ote dute egitera doazena?”. Handitxo gera zitekeen gastu ekonomikoa ekar zezakeen horrek guztiak, baina ez, komunitatearen babesari esker posible izan da, eta oso pozik daude emaitzarekin.
Astebeteko epean 84 lagunek eman dute izena kanpainan eta Euskal Herriko oso txoko desberdinetatik iritsi zaizkie eskaerak, gainera. Gipuzkoatik heldu dira 27, 24 Bizkaitik, hamar Nafarroatik, bederatzi izan dira Ipar Euskal Herrikoak, eta zortzi arabarrak. Eta, azpimarratu digute, lurralde bakoitzeko eskaeretan ere aniztasun handia dagoela: “Tantaka-tantaka, Euskal Herrian errealitate linguistiko oso desberdinak bizi dituzten lekuetatik iritsi zaizkigu eskaerak eta oso positibotzat jotzen dugu hori”, azaldu dute kanpaina bideratu dutenek. Madrilen eta Bartzelonan euskara ikasten ari diren zenbait ikaslek ere, aldizkaria bidaltzea nahi dutela adierazi dute.
ARGIAk sinesten du euskalduntze eta alfabetatzearen alde halako bultzadak emateak merezi duela, eta bide horretan emandako urrats bat gehiago izan da Korrikak akuilatutako kanpaina. Hamar egunez sumatzen den ilusio eta indar giroa baliatu da euskarari 84 leiho gehiago irekitzeko. AEK-ko kideek Baionan zioten moduan, bakoitzari dagokigu ateak zabaltzea eta zabalaraztea.
Komunitateari eskerrak
“ARGIA diruz babesten duten gure komunitateko milaka kideei eskerrak emateko baliatu nahi dugu tarte hau”, adierazi digute, “haiek gabe ezinezkoa litzatekeelako euskara ikasten ari direnei aldizkaria doan bidaltzea”. ARGIArena elkartasunean oinarritutako harpidetza sistema da, bakoitzak ahal duen neurriko diru-ekarpena eginda, inor ez dadin arrazoi ekonomikoengatik ARGIArik jaso eta irakurri gabe geratu.
84 kide berriak, ongi etorri komunitatera!