[Itsaso Zubiria Etxeberria] Urtu behar ez luketen iceberg-ak ari zaizkigu desegiten eta, bitartean, harri-koskorra baino gogorrago mantentzen ditugu etxean bertan, aspaldi urtuta behar luketen beste batzuk. Horman jarri dute euskarafobiaren iceberga Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Oriarte institutuan, ikasle eta irakasle, begien aurrean ikusteko zein diren indarkeria linguistikoaren mekanismoak.
Hizkuntza-paisaiaren gaiari heldu nahi ziotela-eta zintzilikatu du horma-irudia Euskara Normalkuntza Batzordeak, ikasturteko plangintzaren barruan. “Oriarten Lasarteko hizkuntza-ohiturak antzeman daitezke. Herriko DBH eta Batxilergoko ikasketak eskaintzen dituen institutu bakarra garenez, bertan elkartzen dira adin horretako nerabe eta gazteak. Talde horrek Lasarteko aniztasuna islatzen du. Ondorioz, badira ikasleak etxetik euskara dakartenak, etxean gaztelaniaz aritzen direnak, zein egunerokotasunean beste hizkuntza batzuetan aritzen direnak”, azaldu digute batzordeko kideek, eta jarraitu dute: “Orokorrean zaila izan ohi da eremu informaletan ikasleak beraien artean euskaraz entzutea eta ez da arraroa izaten irakasleei ere gaztelaniaz zuzentzea. Honekiko ardura dugu Euskara Normalkuntza Batzordeko kideok eta ikasle zein irakasleen hizkuntza-ohituretan eragin nahi dugu”.
Icebergean ikusten diren egoerak komentatu dituzte ikasgelan eta “euskaldunok bizi ditugun zapalkuntzak ikusaraztera eta horien inguruan hausnarketa egitera” gonbidatu nahi dituzte ikasleak. Zeharkako proposamena ere bidali diote ARGIAri, euskarafobiaren inguruko Larrun monografikoa bezalakoak gelaratzeko ARGIA ikasgela bat sortzeak “lana asko erraztuko” liekeela esanez.
Bilerak euskara hutsean
Hizkuntza-ohituretan ari dira aldaketak ematen ikastetxeko funtzionamenduan. Esaterako, xuxurlariaren figura txertatu dute gurasoentzako gela-bileretan eta lehen gaztelaniaz eta euskaraz ziren bilerak euskara hutsean egitea lortu dute honela. Pantailetan euskarak presentzia handiagoa izan dezan lanean ari dira, baita herriko kultur eta euskara elkarteekin elkarlanean ere, hizkuntza-ohitura eta sozializazioan modu positiboan eragin dezaketen sentsibilizazio saioak eginez.
Ez da horma-irudi bakarra
Giza Eskubideen egunean zintzilikatu zuten Arrazakeriarik gabe, LGTBI fobiarik gabe, feminismotik, euskaraz, Bizi nahi dut lema ageri da eta hainbat eragilek sinatua da. “Bi irudiek badute komunean mezu bat, zeharlerrotasunarena, hainbat borroka elkarrekin lotuta daudela erakustearena. Noranzko horretan dabil borrokan gaur egungo euskalgintza eta bide horretan eragin nahi dugu guk ere, gure aletxoa jarriz”, azpimarratu dute Euskara Normalkuntza Batzordeko kideek.
