[Itsaso Zubiria Etxeberria] Euskal Herrian ez da dena argitaratzen Durangorako. Sorkuntzak jarraitzen du urte guztian zehar eta agertzen dira erreferentziazko plaza berriak ere. Ziburukoa bezala. Zazpigarren edizioa dugu aurtengoa eta ARGIA nobedadez beterik doa azokara, lau argitalpen berri-berrirekin. Euskal Herrian ez da dena argitaratzen euskaraz, baina azoka honetan topatuko duzun guztia bai. Euskaraz baikara.
Honatx, ARGIAren mahaian, egileekin batera, aurkituko dituzun liburu berriak:
– Turismoa. Desazkundera bidaia. Egilea: Asier Basurto. Herritarren bizitzako aspektu guztietan eragiten duen turismo ereduaren inguruko gogoeta eta analisia egiteaz gain, alternatibak proposatzen dituen liburua.
– Ategorrietan Fisterra. Egileak: Markel Ormazabal, Beñat Apalategi, Lander Arbelaitz eta Malen Ganzarain (marrazkiak). 1931n Ategorrietan (Donostia) Guardia Zibilak manifestazio batean parte hartzen ari ziren zazpi langile hil zituen eta sarraski horren historia dakarkigu komiki honek.
– Oker habil Makiavelo. Egileak: Nagore Irazustabarrena eta Xabier Sagasta (ilustrazioak). 20 urte dira Nagore Irazustabarrenak Denboraren Makina atala abiatu zuela, historiaz eta istorio harrigarriez hitz egiteko eta atal horretako artikuluen bilduma da.
– Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian. Egileak: Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste. Liburuak jasotzen du euskaldunok nola erlazionatu izan garen zuhaitzekin, eta mila argazki baino gehiago jasotzen dituen liburua urteetako lan erraldoi baten emaitza da.
Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka ez da, inolaz ere, ordea, ARGIAren monopolio eta ari da euskarazko kulturgintzan bere lekua finkatzen. Datorren ekainaren 6an egingo den edizioan lehen aldiz izango dira hiru argitaletxe berri: Naziogintza Kultur Elkartea, Udalbiltza eta GILTzaera. Gora doa kopurua urtez urte eta orotara 40 argitaletxe, diskoetxe edo autoekoizle izango dira 2026 honetan.
Euskara hutsezko plaza izango dugu beste egun oso batez Ziburun, ez soilik produktuetan, baizik eta euskaraz lasai bizitzeko espazio oso bat. Hala adierazi dute Baltsan elkarteak eta ARGIAk prentsaurrekoan: “Egun bat osoa euskaraz normalki, lasaiki eta naturalki bizi ahal izatea, hizkuntza diskriminatzaile hegemonikoen interferentziarik eta estres linguistikorik gabe; arnas(g)une bat, euskarazko literatura eta, oro har, sorkuntza sustatu eta haren aniztasun eta aberastasunaz gozatzeko, xumea bezain baitezpadakoa: hori duzue Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka, arnasgune eta euskarazko sorkuntzaren plaza, euskarak egiten gaituelako herri eta kulturak herri bizi”.
Aiztoak zorrotz dabiltza ipar eta hego, guk euskara dugu armarik onena eta Ziburu tiro egiteko plaza eder bat.