%0,5aren benetako balioa

argia
0
Mahalako dendetan salerosketak euskaraz egitea berariaz bultzatzen dute. Argazkian, Donostiako Bulebarreko denda. Argazkia: Dani Blanco / ARGIA CC BY-SA

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Jakin ezazu, irakurle, hotel, postal, pintxo prefabrikatu eta turistaz jositako Donostian badaukazula euskara lehenesten duen denda bat –bat baino gehiago, ziur, baina hau berezia da!–. Aukera ematen dizuna, gainera, planik donostiarrena egiteko ere: izozkia erosi eta paseotxo bat eman. Baina ez hori bakarrik –eta hemen trukoa!–, izozkia, jogurta, edo dena delakoa euskaraz erosten baduzu, zure ordainketaren %0,5 euskarazko proiektu bat sustatzera bideratuko du saltoki horrek. Mahala da egitasmo hau martxan jarri duena. Donostiako Bulebarrean aurkituko duzu.

1987an erabaki zuen Jokin Arrospide Arratek baserritik bizitzea. “Ez da baserritik bizitzea bakarrik, zer baserri eredu da garrantzitsua eta baserri horri lotutako aktibitateak zer baloretan oinarritzen ditugun. Guk bertako baserria dugu eredu, bertako produktua, eta horri estu lotuta doazela sentitzen dugu lurra, osasuna, paisaia, hizkuntza…”, azaldu digu Arrospidek. Euskal Herriko produktua saltzea erabaki zuen eta Bilbon ireki zuen lehen denda duela hamalau urte. “Saltzaileak euskaldunak izan zitezen modu kontzientean erabaki nuen, ez da kasualitatea”, azpimarratu du. Hiru urte dira Donostiako denda ireki zutela eta “beste urrats bat” eman nahi izan zuela dio: “Jendea eta erosleak euskarara jolas moduan gerturatzea nahi nuen eta bururatu zitzaidan polita litzatekeela arrazoi bat gehiago ematea euskaraz hitz egiteko, kasu honetan, euskaraz egindako salerosketa bakoitzetik portzentaia bat euskara sustatzeko proiektu batera bideratuko zela esatea”.

Ez dute nahi bestetan bezeroarekin honetaz hitz egiteko paradarik edukitzen, izan dendan mugimendu handia dagoelako, denbora gutxi dagoelako… Baina kasu batzuetan erosleari ekimenaren berri emateko aukera izaten dutela azaldu du. “Lehen ere bagenekien, urte-sasoiaren arabera euskararen erabilera gutxitu edo handitu egiten dela –udan asko jaisten da turismoagatik–, eta zenbakiek ere aldaketa nabaria erakusten dute, tamalez”, gehitu du.

2024ko Korrikara bideratu zen lehen diru-bilketa, denda ireki berritan. 2025ean Donostiako Irutxuloko Hitzari eman zioten eta aurtengoa ARGIAri ematea erabaki dute. 1.965 euro bideratu dituzte proiektu honetara. Milesker, beraz, Mahalako talde guztiari, %0,5 guztien dohaintzagatik eta, batez ere, %0,5 horren benetako balioagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA