[Itsaso Zubiria Etxeberria] Prekaritate egoeran aktibatzen omen zaigu sorkuntza. Uste dut esaldi hori entzunda piztu dela euskal artisten motibazioa topera eta bilatu diotela ziurgabetasunean bizitzeari, datorren hilabetean patrikara soldata duin xamar bat eramango duten ez jakiteari, alokairua edo hipoteka ordaintzeko (oso) larri ibiltzeari, bere xarma. Are gehiago, hilero soldata duin(egi) bat poltsikoratzen duenaren ahotik adituta. Nik, badaezpada, nahiago ARGIAk kolaboratzaileoi egin digun igoera onartu eta lasaixeago bizi.
Hori da, irakurle, gaurko albistea: ARGIAk papereko eta Interneteko kolaboratzaile guztiei tarifak %10 igotzea erabaki du. Azken bazkide batzarrean hartutako erabakia izan da eta bi zatitan banatzen da %10 hori. Batetik dago langile guztien ordainsarietan aplikatu den KPI kontsumo prezioen indizearen %3ko igoera eta, bestetik, kolaboratzaileon soldatetan ederki igarriko den %7ko igoera. “Nahia gauza bat izaten da eta ahala beste bat, baina kasu honetan, egoera ekonomikoak baimendu du ARGIAk hain ezinbesteko duen kolaboratzaile sareari igoera hau aplikatzea”, azaldu dute taldetik. Inbertsioak zertan egin eta nola duela gutxi azaldu genuen orri honetan, eta hau ere bada inbertsio bat eta ez pisu gutxikoa: ekonomikoki esan nahi duenagatik bai; ordea, giza-baliabideei, komunitateari, ematen zaionagatik ere bai. Ondo dioten bezala, nahia eta ezina ere izaten da batzuetan, baina baldintzek baimentzen dutenean kasu egitea eskertzen da.
“15 laguneko kazetari taldea gara Lasarte-Oriako erredakziotik aritzen garenak, baina denok badakigu proiektu hau guztia aurrera ateratzea ezinezkoa litzatekeela kolaboratzailerik gabe; eta ahal dugun neurrian guri dagokigu sare hori zaintzea”, diote. Zaintza, noski, ez du ekonomiak soilik betetzen, ezta gutxiago ere. Dena ez da dirua, baina… dirua ere bada.
ARGIAk ere esan zezakeen, hasierako premisa aplikatuta, kolaboratzaileak diruz justu mantentzea nahiago duela, historian zehar modu horretan atera direlako artikulu eta erreportajerik onenetako batzuk. Esango nuke, komunitatearen onurarako, erabaki hobea hartu duela hori baino.
Milesker.