Badatoz mundua ulertzeko gakoak

argia
0
2026ko 'Gakoak' aldizkariak euskal dragen mugimendua ekarri du azalera. Shu Oterorena da azala.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Titular batetik beste titular batera. Scroll. Irudi bat. Scroll. Mapa bat sutan. Hatzarekin behera. Eguraldiaren app bat. Zer iragartzen ote du surflariek erabiltzen duten beste aplikazioak? Scroll. Titular are eskandalagarriago bat. Scroll scroll. Klima aldaketa. Muturreko beroa. Scroll. Zertarako piztu dut mugikorra?

Bai, bero itogarrian sartuta gaude, baita bero gehiago ekartzen digun kontsumo azkarrean ere. Klima aldaketa dabilkigu denok ahotan, baina hau ere abiadan kontatzen digute, termometroaren errekorra non, erreportari bat han. Gertaeratik gertaerara gabiltza, geroz eta gutxiago erreparatuz kausari. Eta horretara dator, aurten ere eta hamargarren urtez jada, Gakoak. Aktualitatearen zurrunbilotik ateratzeko arnas luzeko irakurketa eskaintzera. Testuingururik gabeko datuen aurrean, gakoak ematera.

Aktoreak, preso ohiak, dragak
Shu Oterok diseinatutako azala darama aurtengo ale bereziak eta euskal drag mugimenduaren inguruko argazki erreportajea ekarri nahi izan dute portadara. Pello Maudo argazkilaria Maruxak, Altxalili, House of Basqueers eta Dragamelak taldeen drag ikuskizunetan murgildu da eta espektakuluaren tripak bildu ditu irudietan. Maria Ortegak jarri dio testua erreportajeari.

Kurdistanera egindako bidaia emankorra izan du Lander Arbelaitzek eta borroka hura hobeto ulertzeko gakoak dakarzkigu Cîger Efrîn preso politiko kurdu ohiari egindako elkarrizketan.

Itziar Aizpuru eta Elena Uriz aktoreak elkartu ditu Jenofa Berhokoirigoinek eta, beteranoak biak, kazetariarekin baino, elkarren artean hizketan jarri ditu profesioaz, artisten munduaz…

Gorrotokrazia deitu dioten mahai-ingurua gidatu berri du maiatzean Onintza Irureta kazetariak Zestoan eta gorroto diskurtso eta zapalkuntza bakoitzari bere ertzetik begiratu partez, batuta erreparatu diete jarrera hauei. Han jasoak ekarri dizkigu udako orriotara.

Eta uda giroan pixka bat sartzeko, urubien (hontza mota bat) atzetik gauez Nerea Pagaldai Aranzadiko biologoak pasatako orduak eta abenturak kontatu dizkigu kronika batean, eta eklipseari begiratu baino, izarrei erreparatu nahiago duenarentzat, izarrak ikusteko begiratokiak zerrendatu dizkigute.

Hori eta askoz gehiago, posta zerbitzua txukun xamar portatzen bada, abuzturako!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA