[Itsaso Zubiria Etxeberria] Behin betaurreko berezi guztiak salduta, eklipsearen arrisku posible guztien zerrenda behin eta berriz errepikatu digutenean, pasa den abuztuaren 12an zerura begiratzera ausartu bazara, zuretzat eta zure familiarentzat egokia izan daitekeen opari batekin natorkizu oporren ondorenean. Liluratu bazara gure izarrik handienari begira, akaso ezagutu nahiko dituzu txikiagoak ere eta ARGIArekin orain baduzu aukera. ADI!
Badaukazula plana mendi aldera txangoa egin eta gaua pasatzeko? Orain badaukazu gaua girotzeko jolas eder bat. Zer ederragorik, gure zerua osatzen duten izar eta konstelazioak ezagutzea baino? Argitaratu berri ditugun fitxa-bildumetan jakin beharreko informazio guztia topatuko duzu, ipar hemisferioko konstelazioak identifikatu eta ezagutzeko. Ilargirik gabeko gaua beharko duzu, hodeirik gabea, argi artifizialetik urrun, eta zerua izarrez betea ikusiko duzu. Lehendabizi, aurkitu iparrizarra eta jolasa hasteko prest izango duzu. Gainera, ez duzu linternarik piztu beharko fitxa bakoitza ikusteko, dirdira egiten baitute iluntasunean!
Eta, izarrak baino, hodeiak atseginago (edo ezezagunago) zaizkizula eta gehiago jakin nahi zenukeela non, nola, zergatik sortzen diren? Bigarren fitxa-bilduma bat ere argitaratu du ARGIAk. Formatua berdina da, aldatzen dena, noski, informazioa. Kasu honetan, fitxa bakoitzak emango dizu laino bakoitzaren generoaren inguruko informazioa (hamar generotan bereizten dira), espezie, barietate eta ezaugarri bereziekin batera, non sortzen den, zein altueratan dagoen… Eta, entrenatzen hasteko, nahi baduzu, hona zein hodei behatzen ari zaren jakiteko adituek egiten dituzten galderetako batzuk: formarik badute ala deseginda ageri dira? Itzala al dute? Geruza bat osatzen al dute? Eta geruza horrek eguzkia estaltzen du ala ez? Euria denbora luzez egin du ala zaparrada bota du?
Kataluniatik ekarria
Material interesgarri hau ez du ARGIAk sortu, Kataluniako MTM editoriala da egilea eta itzuli eta moldatu egin du ARGIAk. Asmatuta baldin badago, zergatik ez baliatu? Anna Sanjuan, Alex Nogués eta Annick Galimont dira testu eta ilustrazio originalen egileak. Herrialde katalanetako eta Euskal Herriko klimak desberdinak direla eta, moldaketak dituzte, batez ere, hodeien fitxek; geure klimara egokitu baititugu fitxak eta horretan aholkulari izan dugu Libe Gaztelurrutia.
Eskuragarri dituzue Azokan.