[Itsaso Zubiria Etxeberria] Badakit Diana Franco Eguren ezagutzen duzula, irakurle, baina badakizu hirurehundik gora artikulu idatzi dituela jada ARGIAn? Esan nahi baitu hirurehundik gora astez jarraian irakurri dugula, fin-fin, eta bera dela teknologiaren inguruan azken bost urteotan jantzi gaituen pertsonetako bat. Norabide bat markatzen du, baina irakurleari aterik itxi gabe; kartak mahai gainean jarri eta bakoitzari ondorioak ateratzeko eta hausnartzeko tartea eskainiz. Spoiler: hau ez da agur bat, are beste hirurehunentzako erregaia izatea nahi nuke.
Ez dizkigu teknologiaren munduan izan diren azken berrikuntzak ekartzen astekarira, azken smartphonearen albistea, sekula egin den ordenagailu eramangarririk arinenaren detaile guztiak… “Teknologiari gizarteetan eta bizitzetan duen eraginetik erreparatzen saiatzen naiz”, dio. Enpresa ikasketak egina, “umetatik” izan omen du gauzen funtzionamendua ulertzeko kuriositatea eta “teknologiak ulertzen ez ditudan funtzio asko dituenez, begia horra joan izan zait beti”, aitortu digu. Aditutik baino, aritutik duela azpimarratzen du eta berak “kuxkuxero” hitza erabili du. Kuxkuxero jakintsu xamarra iruditzen zait niri, bere iritzi artikuluen mamia irakurrita. “Teknologiaren bueltako botere-harremana interesatzen zait, teknopolitika, botere-esparruetan hartzen diren erabakietan duen pisua…”, eta teknoartaburuoi eskaintzen dizkigu gako interesgarriak mundua konprenitzeko.
Legebiltzarretik ARGIA-ra
“Hezkuntza librezalearen bueltan nenbilen 2020 inguru hartan. Mezularitza talde handi bat ginen eta han hasi nintzen, beste asko bezala, nire iritziak partekatzen teknologiaren eta hezkuntzaren inguruan. Legebiltzarrera joan ginen eta etxe honetako Mikel Garciak elkarrizketatu gintuen. Hortik heldu zitzaidan artikulu hauekin hasteko gonbidapena”, azaldu digu. Asteko gaia aukeratzerakoan, batzuetan “bilatu gabekoa” izaten dela dio: lagun batek aipatutako zerbaiti tiraka ateratakoa, familiartekoren batek pasatako albisteren bat… “Baina lan honek behartzen nau nolabait egunean egotera, gaurkotasuna jarraitzera, eta horrek motibatzen nau”.
Bada, nik teknologiaren munduko gaurkotasuna filtro honetatik jasotzen dut. Beraz, milesker, Diana, galbahe fidagarria izateagatik.