Ekonomia sozialeko ekimenak “Txanponaren beste aldeak” sail berrian

argia
3
Iruñeko Katakraken errotazio sistema darabilte langileek (arg.: Anel)
Iruñeko Katakraken errotazio sistema darabilte langileek (arg.: Anel)

Ikuspegi sozialarekin jarduten diren enpresen eta ekimenen esperientzia konkretuak ekarriko ditu ARGIAk datorren zenbakitik aurrera “Txanponaren beste aldeak” sail berrian.

Bestelako eredu ekonomikoa bultzatzen duten ekonomia sozial eraldatzaileko proiektuak, kooperatiba munduko enpresetako egitasmo esanguratsuak, finantza tresna alternatiboak, harreman eta sare ekonomiko informalak… Urtero hamaika egitasmo abiarazi ohi dira Euskal Herrian parametro horietan eta beste hamaika jadanik martxan daude. Baina askotan ikusezin egiten zaizkigu txikiak direlako, edo besterik gabe isilean ari direlako lanean.

Auzoko kontsumo kooperatiba hori, eskolako gurasoen antolaketa sare hau, herriko enpresan langileen parte-hartzean egindako ahalegin hura… Sail honetan ekonomia sozialaren esparruan aurki ditzakegun adibide zehatzetan jarriko dute begia Itsaso Zubiria Etxeberria eta Lander Arretxea Bereziartua kolaboratzaileek hamabostean behin.

Lehenengo alean Iruñeko Katakrak-eko apalategien atzean darabilten lan dinamika ekarriko digu Arretxeak. Kooperatiba horretako 11 langileek errotazio sistema bat sortu dute: “Lankideen beharra nolakoa den ezagutzea garrantzitsua da euren azalean jarri ahal izateko”.

Zuk ere, irakurle, halako esperientziak ezagutzen badituzu edo ekonomia sozialaren esparruan interesgarria suerta litekeen proiektu ezezagunen baten berri baldin baduzu, gurekin harremanetan jar zaitezke uapaolaza@argia.eus helbidera idatziz eta gaia “Txanponaren beste aldeak” dela adieraziz.

3 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA