Batura proiektua abiatu dute, Euskal Herriko ekonomia sozial eraldatzailean kokatzen diren ekimenak mapa batean jarri eta ikusgarritasuna eman asmoz.
Ekonomia sozial eraldatzailea deitzen diogu langileen parte hartzean oinarritutako ekonomiari. Irabazi ekonomikoak beharrean, erdigunean pertsonak kokatzen dituen eredua da, langileen jabetzan oinarrituta: langileak dira enpresaren jabe, eta langileak dira hartzen diren erabakien jabe, eta horretarako, boterea modu demokratikoan kudeatzen du erakundeak.
ARGIAn 1980ko hamarkadaren hasieratik, enpresa langileen esku geratu zenetik filosofia horrekin lanean ari gara, ahal dugun neurrian pausoak emanez norabide horretan.
Horrez gain, kazetaritzatik ere halako ekimenei ikusgarritasuna ematen saiatzen gara (besteak beste, Txanponaren beste aldeak atalean edo Ekonomia soziala kanalean webgunean), beraz, ARGIAko kideok begi onez ikusten dugu Batura proiektua eta babesle egin gara.
Zer da Batura?
Proiektuari buruz informazio gehiago nahi duenak, Karenan abiatu duten crowdfunding orrian idatzitakoa du azpian:
Kontsumo arduratsua praktikan jartzeko tresna baliagarria izango da, hauek zer eskaintzen duten eta non aurkitzen diren jakingo baituzu. Iniziatiba edo entitate hauei ikusgarritasuna ematetik haratago, entitateen interkooperaziorako edo hauek saretzen laguntzeko tresna ere izango da, merkatu soziala sortzeko bidea indartuko duena.
Batura.eus webgunea izango da maparen plataforma. Bi aukera izango dira bilatzailean; lehen aukera mapatik bertatik bilatzea izango da, inguruan dauden entitateak bilatuz. Beste aukera, kategoria ezberdinak filtratuz bilatzailearen bidez egin ahal izango da: hizkuntza irizpideak, parekidetasun irizpideak, iraunkortasun irizpideak, produktu mota eta abar.
Entitate bakoitza mapan kategorien arabera kokatu ahal izateko galdetegi bat osatu dugu. Galdetegi horretan hainbat ezaugarriri buruzko erantzunak eman beharko dituzte entitateek: funtzionamendu demokratikoa, jabetza mota, aberastasunaren banaketa, hizkuntza irizpideak, parekidetasun irizpideak, iraunkortasuna eta abar. Irizpide bakoitzaren ebaluazioa erabiltzailearen esku egongo da. Helburua ez da entitate hauen arteko lehia bultzatzea, ea nor den koherenteagoa, baizik eta eraldaketaren norabidean eman beharreko hurrengo urratsen norabidea markatzea, eredu ekonomiko demokratikoa eraikitzeko.
Ideiaren garapena Kataluniako XESek (Xarxa dEconomia Solidària) garatu duen paMAPAm mapa kolaboratiboan oinarrituta egin dugu. Webgune hori bisitatu eta saltseatzera gonbidatzen zaituztegu, egin nahi dugunaren ideia irudikatuko baituzue.