Erresistentzia bizitza da diote kurdueraz. Herri kurduaren erresistentzia eta Turkiako Gobernuaren azken oldarraldia salatu dute azken egunetan mundu osoan milaka lagunek. Bilbon ere hala egin zuten ehunka lagunek larunbatean. Errefuxiatuen krisiaren aferan mugalari eta errepresore lanak egitearen truke, txeke zuria eman dio Europar Batasunak Turkiari, eta Erdoganek ondo baliatu du aukera kurduen aurkako errepresioa orokortzeko. Iazko uztailetik 8.000 kurdu baino gehiago atxilotu dituzte, horietatik 2.000 inguruk giltzapean jarraitzen dute. Azken 10 egunetan, HDP alderdi politiko kurduko 400 kide baino gehiago eta Kurdistango Eskualdeetako Alderdi Demokratako 900 lagun inguru atxilotu dituzte, eta Gobernuaren aldeko eskuineko talde ultranazionalisten laguntzaz, dozenaka kurdu zauritu edota hil dituzte.
Besteen menpe bizitzeari “nahikoa da” esan diote Mendebaldeko kurduek eta, Rojavan –Siriaren menpeko Kurdistan– erakutsi duten bezala Daeshen aurkako borrokan, indarrak metatzeari ekin diote. Turkiako eta Kurdistango ezkerreko 10 taldek –PKK eta Turkiako alderdi komunista barne– Herri Batuen Mugimendu Iraultzailea fronte bateratuan aurre egiten diote “ingurumena suntsitzen, gazteak eta emakumeak jazartzen eta esklabotzaren eskutik langile klasea esplotatzen ari den Erdoganen Gobernu hiltzaileari”.
Argazkia: Irantzu Pastor
Testua: Axier Lopez