Udaberriarekin batera ehunka milaka kurduk ospatu dute beren egunik handiena: Newroz, urte berria. Kurdistan, estaturik gabeko munduko herririk handiena –bost estatutan zatituta–, gerrak inguratuta bizi dira. Azken erasoaldirik gogorrena, Siria iparraldeko Afrin eskualde kurduan izan da. 250.000 lagunek etxea atzean utzi behar izan dute Turkiako armadak eta ISISekin lotura duen Siriako Armada Askeak, elkarlanean eta Errusiaren ezinbesteko laguntzarekin, egindako erasotik ihesi. Bai, 2018an, estatu bateko armadak beste estatu bateko lurrak inbaditu eta herritarrak bonbardatu ditu nazioarteko legedia urratuz. Horren ustezko zaintzaileak? Nazio Batuen Erakundea eta Europar Batasuna? Ez daude, ez dute erantzuten eta larriena dena, inork ez ditu espero. Kurduak, beste behin ere, autodefentsa armatura kondenatu dituzte.
Argazkia: Kauldi Iriondo Galarraga
Testua: Axier Lopez