Farmazeutiken industriak –diru publikoarekin ordaindutako ikerketen emaitzak konpartitzen ez dituzten horiek– kategorikoki azpimarratu du txertoak %100 seguruak direla eta talde immunitatea sortuko dutela, gobernuen laguntzarekin. Jakitun baziren ere, txertoek ere, medikamentu guztiek bezalaxe, bigarren mailako ondorioak sortzen dituztela. Eta milioika lagun txertatu ostean, ezinbestean, kasu larriak –heriotzak tarteko– eragin(go) dituzte. Azken kasuetako bat izan daiteke, tronbosiak jota, Aitzoaingo kuartelean hil den militarra. Alemania ugazabak hala erabaki ostean, hainbat herritan AstraZenecaren txertaketa bertan behera utzi dute 60 urtetik beherako pertsonen artean. Badaezpada ere. Hara zenbait agintari eta hedabideren koktel mikatza: ataka honetatik ateratzeko konponbide bakartzat txertoa egunero jainkotu, txertoekiko beldurra eta mesfidantza zabaldu bitartean. Neofaxismo indibidualista trumpzalea pozik egoteko modukoa.
Argazkia: Mathias Schrader / AP
Testua: Axier Lopez