Gizakiaren, edo zehatzago esanda, gizonaren jarduerak Amazoniaren %38 andeatu du hogei urte baino gutxiagoan. Klima aldaketaren negazionista eta agroindustriaren aliatu Jair Bolsonaro joan zen. Lula iritsi da Amazoniarako aldaketa-proposamen handiekin. Baina galderak hortxe darrai: nola “salbatu” 50 milioi urtez eboluzionatu duen munduko oihanik handiena eta bi mende baino gutxiagoan ia “suntsitu” dutena? Ura “baliabide”, zuhaitzak “merkantzia” eta oihana “aktibo ekonomiko” gisa ikusteari utzi arte, nago ez dela gobernurik edo zibilizaziorik izango makina autosuntsitzailea geldiaraziko duenik. Naturarekiko bizikidetza, bistan denez, auzi politiko-ekonomikoek zeharkatzen dute, baina nagusiki zio kulturala da.
Argazkia: Brasilgo Amazoniako hiriburu Manaus. M.Dantas/AFP/Getty
Testua: Axier Lopez