Argazkia orain dela 40 edo 20 urtekoa izan zitekeen, baina gaurkoa da, Tolosakoa. Urteak joan, urteak etorri, badira aldatzen ez diren gauzak. Eta gurean, horren erakusle da Polizia. Edozein lanbidetan langile baten akatsaren ondorioz pertsona bati kalte larria eraginez gero, mekanismo guztiak martxan jartzen dira biktima babestu eta erreparatzeko. Baina Ertzaintzan ez. Arazoen aurrean, lehenik armadilloen antzera gotortu egiten da, hermetismoa gailentzen da eta haiek sortutako arazoa haien artean “konponduko” dutela sinistu behar herritarrok. Ondoren, arduradunen justifikazioak datoz: Erne, Esan eta gainerako sindikatu hooligan biolentoen mezuak: “jardun profesionala”, “ondo egina”. Eta borobiltzeko, babes politikoa, Jaurlaritzaren “ikerketa irekiko dugu” klasikoaren bitartez, ondoren “froga ezagatik” ezerezean geratzen diren prozesu zuritzaile-anestesikoak abiatzeko. Polizia indarkeria da berez, definizioz, baina gurean, biolentzia eragiteaz gain, gustatu egiten zaiela dirudi. Aldatzeko garaia da, bai, baina agian, aldaketa baino, reset-a behar dugu.
Argazkia: Jon Urbe / Foku
Testua: Axier Lopez