Iazko irailean uholde latzak pairatu zituzten Bulgarian, Turkian eta, bereziki, Grezian. Txikizio hartatik urtebete igaro bada ere, egunotan hildako bi milioi arrain baino gehiagok inguratu dute kostaldeko Volos herria. Adituen arabera, iazko euriteek Karla aintzira bete zuten, 1962an malariaren aurka borrokatzeko saiakeran erabat lehortu zutena. Hala, ekosistema seguru bihurtu zen ur gezako arrainentzat. Han ugaldu ziren, baina apurka-apurka aintzira ura galtzen hasi, eta drainatze-zanga lautadako ur-azalaren azpitik geratu zenean, urak indarra hartu eta arrainak itsasorantz eraman zituen. Kostaldera bizirik heldu zirenak hil egin ziren ur gazitan sartzean. Greziako muturreko baldintza meteorologikoen azken ondorioa da hondamendia, zientzialariek klima aldaketarekin lotzen dutena. Baina beste kudeaketa txar baten ondorio ere bada. Agintariek zuten lakuaren egoeraren berri, bazekiten arazoari aurre egin beharko ziotela, baina, hala ere, haien kezka nagusia izan da hildakoen kiratsak gune turistikoan eraginik ez izatea. Eta noski, hori ere ez dute lortu.
Testua: Axier Lopez
Argazkia: G. Floulis – Reuters