Gordin esan behar da: norberaren gorputzaz erabakitzea ez da eskubide unibertsala. El Salvador, Honduras, Nikaragua, Dominikar Errepublika, Mexikoko eta AEBetako estatu batzuk, Andorra, Malta, Filipinak eta Senegalen debekatuta dago, esaterako. Abortua baimentzeko, legea erreformatua izan den herrietan ere, eskubide horrek arriskuan jarraitzen du abortuaren eta genero askatasunaren aurkako diskurtso –eta praktika– neofaxisten uholdearen erdian. Berbarako, Italian 10 medikutik 7k uko egiten diote abortua egiteari. Nazio Batuen Populazioaren Funtsaren datuen arabera, munduko emakumeen heriotzen %8 abortu ez-seguruen ondorioz dira. Areago, abortu libre, seguru, publiko eta unibertsalerako eskubidea lortzeko lan egiten duten ekintzaile, hezitzaile eta osasunaren arloko profesional askok estigmatizazioa, larderia eta kriminalizazioa jasaten ditu.
Argazkia: Abortu Seguruaren Nazioarteko Eguneko –irailak 28– mobilizazio bat Mexikon. S. Flores/AFP
Testua: Axier Lopez