“Buruan gerra dutenentzat baino, kuartelaren lurrak erabilera sozialerako nahi ditugu: porruak ereiteko, hain zuzen”. Hala aldarrikatu dute hainbat talde antimilitaristek eta internazionalistek Mungiako Soietxe auzoan, Espainiako armadak duen kuartelaren aurrean. 27 urtez jarraian antolatu dute martxa umoretsua. Espainiako Estatua munduko zazpigarren arma esportatzailea izateaz gain, 16 gerratan parte hartzen ari dela gogorarazi dute eta beraz, horren eraginez, mundu mailako errefuxiatu krisiaren eragile zuzena ere badela. Egun, Espainiako 1.300 militar inguru dago Euskal Herrian, eta Europar Batasuneko lurralde militarizatuena bada ere, Arakako kuartelera 250 militar mugitzeko nahia azaldu du Espainiako Gobernuak.
Argazkia: Aritz Loiola
Testua: Axier Lopez