Etxeko bonba

Enpresa baten jardunak etxean konfinatzera behartzen zaituenean, botere politikoak “lasai egon” eta herritarrek “nahikoa da” diotenean, zerbait ez doa batere ondo. Areago, kontu berria ez bada. Meatzaldean hamarkadak daramatzate findegia etxeko atarian edukita; horregatik, egunotan gertatutakoak ez du inor harritu Petronorren ibilbideaz eta bost hamarkadatako istripuen historiaz jakitun direnen artean. Petronor da Euskal Herriko enpresarik kutsatzaileena, eta horrek zer esan nahi duen argi adierazten dute Jaurlaritzako Osasun Sailaren datu ofizialek: biriketako eta laringeko minbiziek eragindako heriotza-tasak EAEko batez bestekoa baino %11 eta %45 handiagoak dira Muskiz inguruan. Eta enpresaren eta botere politikoaren arteko loturak ikusita, zeinek kontrolatuko desmasiak? Goizean Industriako sailburu eta arratsean Petronorreko kontseilari delegatu izatera pasa zen Trumpen lagun Josu Jon Imazek, eta Petronorren nominapean izandako politikari jeltzaleen zerrenda luzeak –Iñaki Zudaire, Javier Balza edo ‘Amatiño’, kasu– ez dute konfiantzarako berme handirik ematen. Ederki laburbildu dute auzokideek: “Gaseztatu egiten gaituzte, haien deskarbonizazioa txalotzen duten bitartean”.

Argazkia: Aritz Loiola / Foku
Testua: Axier Lopez

View All

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.