Patxi Lakunzak, 6 urteko umeak, tiro hotsak entzun zituen errekan arrantzan zela. Bi pertsona ikusi zituen, 17 urteko gazte bat fusilatu berri zutenak. “Alde hemendik eta ez esan ezer” esan zioten. 80 urte geroago, Jose Angel Munduate eta haren familia osaba zaharraren –Marcelo Lasa Ceberio, Olaberria (Gipuzkoa)– heriotzaz ikertzen hasi zen. Auzokide batek osabaren hilketa azaltzen zuen liburu bat eman zion, Barandiaranen memoriak, eta hortik tiraka Patxi aurkitu zuen. Patxiren argibideei esker, Aranzadirekin harremanetan jarri eta 1936ko abuztuaren 25ean Lizarrustin (Aralarko parkean) faxistek hil zuten senidea lur azpitik ateratzea lortu dute. Handik bi astera Patxi hil zen, 82 urtez gordetako sekretua eta beldurra askatuta. Irudian: Jose Angel, Marcelo Lasa fusilatu eta lurperatu zuten lekuan eta osabaz duen irudi bakarra eskuetan duela (4 urterekin).
Argazkia: Mauro Saravia
Testua: Axier Lopez