Xabier Kalparsoro, 20 urteko zauri iluna

Axier Lopez
0

Zumaiarrek Txato eta militante-kideek Anuk deitzen zioten. Xabier Kalparsoro Golmaio 26 urteko gaztea poliziaren eskuetan hil zela, 20 urte bete dira gaurko egunez. Haren heriotza ilunaren atzean urteak beste zalantza dira. Egiaz, kontakizunaz eta zoru etikoaz mintzo den herri honetan osatu gabeko zaurien kate luzearen beste adabegi bat.
Txatoren bizitza ez da izan Euskal Herrian azken 50 urteetan hainbat eta hainbat gazte militanteren ibilbidearen oso bestelakoa. Gaztetarik Zumaiako borroka anitzetara lotu zen, institutuko ikasle garaitik hasita. Jarrai gazte antolakundean Gipuzkoa mailan ardura politikoak izan zituen eta liberatuta aritu zen urte luzez. 17 urterekin lehen aldiz atxilotu zuen Guardia Zibilak. 25 urterekin, sabotaje ekintza bat tarteko, polizia atzean zuela Ipar Euskal Herrira ihes egin zuen. Han egin zen ETAko kide.
1993ko maiatzetik aurrera
Uda horretan Hego Euskal Herrira igarotzean Gasteizko taberna batean Jarraiko kide ohi batekin  topatu zen. Berarekin izandako elkarrizketan atxiloketa luze batetik atera berria zela adierazi zion. Lagun horrek hitz hauekin adierazi zion poliziari Kalparsororen egoera : “Aurpegia guztiz itxuragabetua zuen eta eskuak azal bizian. Ertzaintzak atxilotu zuela esan zuen. Denetarik egin ziotela, baita drogatu eta ondoren libre utzi ere.” Hurrengo egunean lagun horrekin beste zenbait lagunen pisuan bazkaldu zuen. Beso eta hanketan zituen harramazkez galdetuta ahozapi bat hartu eta ondorengoa idatzi ei zuen artega: “Ordu luzez sasi artean izan naute, ez dut horretaz hitz egin nahi”. Segituan metxeroa hartu eta su eman zion ahozapiari. Handik ordu batzuetara Ertzaintzak Laudion Anuk izeneko errefuxiatu bat atxilotu zuela jakitera eman zen. Egunkariek hala argitaratu bazuten ere, polizia guztiek ukatu zuten. Hurrengo egunean Txatok Sansomendin Guardia Zibilak duen kuartelera deitu zuen nor zen esanez. Han inork ez zion sinetsi.
Laudio, Durango, Indautxu eta Basurtu
Uztailaren 13an Laudio inguruko mendietan ETAren zulo bat aurkitu zela zabaldu zen. Hil horren azken egunean, Espainiako Polizia Kalparsororen bila azaldu zen bere etxean. Ez zuten bertan aurkitu.
Irailaren 23an Durangoko udaltzaingoa, Zumaiako udaltzainekin harremanetan jarri zen eta azken hauei esker jakin zuen Kalparsororen familiak Xabier atxilotua zegoela, lapurreta leporatuta. Familiarekin ez zuela hitz egin nahi “mozkor antzean, burutik joanda bezala zegoelako” moduko datu kontraesankorrak eman zizkioten. Familia Durangora gerturatu eta epailearen aginduz Bilboko Indautxura eraman zutela esan zieten. Indautxura hurbiltzean erantzun zitzaien Basurtuko ospitalera eraman zutela, Xabierrek berak hala eskatuta. Han bai, ospitalean zen, baina ezin izan zuten ikusi. Izan ere, hil arte koman emandako 2 egunetan familiari bisita galarazi zioten, poliziak ezarritako inkomunikazio egoeraren izenean. Xabier han zela erizain bati esker jakin zuten.

Xabier Kalparsororen hileta eguneko argazkia (Iturria: www.euskalmemoria.com)

Bertsio ofiziala
Poliziak gaur arte Kalparsororen heriotzaz emandako azalpena sinple bezain bitxia da: Indautxuko polizia-etxeko 2. pisuko gelan atxilotuta zegoela, berarekin zen polizia lurrera bota eta leihotik behera salto egin zuen. Erorketaren ondorioz hil zen.

Frogek utzitako bestelako bertsioa
Guda zikina edo tortura susmoak izan diren gainerako kasu gehienetan bezala, ugariak dira bertsio ofiziala zalantzan jartzen duten gertaerak. Hona gaur arte Xabier Kalparsororen kasuan gisa honetan azalarazi diren froga nagusiak:

  • Esposatuta egonda (hil ondoren ere esposen markak zituen) eta terrorismoaren aurkako lege zorrotzaren zaintza neurri guztiak ezarrita bazituen ere, leihotik behera salto egitea sinesgaitza egiten da. Bestetik, Basurtuko mediku batek esan zion familiari tortura egiaztatzen zuten zantzu guztiak antzeman zizkiotela.
  • Autopsia egin zuen auzitegiko medikuak idatzi zuen Kalparsororen heriotza ezinezkoa zela salto baten ondorioa izatea. Gorpua hormatik gertuegi zegoen eta beraz, erorketa inpultsorik gabekoa izan zela ondorioztatzen zen.
  • Basurtuko erizain baten arabera, «ez nazazue gehiago jo» oihukatu zuen ospitalean zela onera etorri zen momentu batean.
  • Heriotzaren hurrengo egunean Euskadi eta Askatasunak agiria zabaldu zuen “poliziak Anuk atxilotu, bahitu eta hil” zuela salatuz.
  • Urriaren 7an, Kalparsorok ETAko zuzendaritzari igorritako eskutitzak argitaratu zituen Egin egunkariak. Testu horretan abuztuaren 30etik aurrera Laudion poliziak atxilotu, mendira eraman eta zenbait egunez bahituta izan zutela azaldu zuen Kalparsorok. Poliziak emandako droga baten ondorioz burua erabat galduta eduki zutela aditzera ematen zen.  Egun horien ostean libre utzi eta Ertzaintza atzetik izan zuela idatzi zuen Txatok hitz hauekin: “zipaioek atxilotu eta drogatu, hipnotizatu, burua jan edo dena delakoa egin, eta berriro ere kalean utzi ninduten. Erabili egin naute eta oraindik ere horretan ari dira (…) ez dakit zein teknika erabili zuten baina ziur nago drogaren bat eman zidatela. Zergatik? Ziur nago uneren batean galdekatu nindutela, baina ez naiz oroitzen”
  • Laudio inguruko zenbait herritarrek bailarako mendietan poliziaren presentzia handia izan zela adierazi zuten, Kalparsorok eskutitzean bahituta izan zela dioen egun beretan.
  • Besteak beste, Durangoko abokatu batek Kalparsororen amari adierazi zion Durangoko udaltzainen komisaldegitik ertzainak, guardia zibilak, Espainiako poliziak, militarrak eta zerbitzu sekretuetako  kideak azaldu zirela. Poliziaren arabera kaptazio lanak egiten zituen ETAkide arrunta izanik, neurriz kanpoko mugimenduak, edonola ere.
  • 1997an era anonimoan helarazitako informazio baten arabera, Espainiako poliziak Anuk atxilotzean bere sinadura faltsutu zuen, Indautxuko polizia-etxean gordea izan zutela irudikatzeko asmoz.

Justizia bide antzua
Torturaren Aurkako Taldeak, Zumaiako Udalak eta Kalparsoro familiak egindako salaketak artxibatu egin zituen Bilboko Instrukzio Epaitegiko Maria Soledad Alejandre Demenech epaileak. Bide judizialak orain arte utzi duen bakarra 1995ean izan zen. Bizkaiko Auzitegiak Indautxun zaintza lanetan ziren bi guardia zibil zigortu zituen, Kalparsorori leihotik behera salto egitea ez galarazteagatik. Gaur arte inork bete ez duen 6 hilabeteko espetxealdia izan zen zigorra. Izan ere, Espainiako Auzitegi Gorenak falta soil batera murriztu zuen epaia.
Txatoren familiak Gasteiz, Estrasburgo edota Bruselara jo badu ere, orain arte ez du egia osoa jakiteko laguntzarik jaso.  Horrek Xabierren heriotzak familian sortutako mina urteetan luzatzea besterik ez du ekarri. Espero dezagun, Ajuria Eneko itunaren garaian gertatutako pasarte ilun hau argitzeko aurkitu diren oztopoak atzera ere ez errepikatzea, PSE eta EAJ berriz elkartu diren garai hauetan.
Bien bitartean, Deabruak Teilatuetan taldeko kideek abesten zuten bezala, “bertsio ofizialik sinesten ez duen herriko” lagunek aukera izango dute egunotan, Txatoren errautsak hartu dituen labarrean, egia eta justizia exijitzeko.

Xabier Kalparsororen oroitarria Zumaiako labarrean (Egilea: Axier Lopez)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA