Periko Solabarriaren lagun Marisol tonadillera marxistak abesten zuen bezala: bizitza ton, ton, tonbola da! Izan ere, zeinek esango zidan niri AEBetako sektore arrazista, nazionalista eta atzerakoienekin inoiz bat egingo nuenik. Eta hara non, gaur da eguna. Goiko bideoaren harira, Coca-Colari boikota egiteko deia egin baitute sare sozialetan yankietan yankienek.
Niri bezala, Hollywooden industriaren menpeko garaietan jaio zaretenei ezaguna egingo zaizue bideoaren abestia. Beisbol, amerikar futbol edo hockey partiden aurretik, ikuslegoaren bihotza eskuak estalita abesten duten kanta, munduko putoamoak direla berresteko: America The Beautiful. Asteburu honetan Super Bowla izan da eta jakina, AEBetako bigarren ereserkitzat hartua den abestiak ezin hutsik egin. Oraingoan Coca-Colaren iragarki berri bati esker entzun ahal izan zuten telebistari begira ziren milioika estatubatuarrek. Bideoan, iragakietan ohikoa duen estiloan, Coca-Cola agertzen da adin, genero, sexu-joera eta kultur jatorri anitzeko jendea batzen duen elementu gisa. Polemika piztu duena ez da hau izan, ordea. Izan ere, ingelesez abesteaz gain hindiz, gaztelaniaz, arabieraz, hebreeraz… 8 hizkuntza entzun ahal dira spotean. Eta hori, onartezina da ipar Amerikako zonalde horretako kulturak zokoratzearekin batera jaio zen AEBetan. Tarantinoren azken filmak Ku Kux Klaneko lagunak trakets inozoenen pare erakutsi bazituen ere, Twitterra zer den badakite eta #BoycottCoke mundu mailako trending topic bilakatu dute. Etiketa honen atzean Tea Party eta arrazakeria usaineko milaka mezu idatzi dituzte, baita haien kontrako beste hainbeste txio ere.
“#BoycottCoke”(r)i buruzko Txioak// Intereconomia eta 13TV ikustea maite duzuenei gehiago gustatuko zaizkizue beste etiketa honetan bildutako zenbait iruzkin: #SpeakAmerican
“#speakAmerican”(r)i buruzko Txioak//
<oharra> Azken hau ulertzeko ekuazio sinple hau egitea besterik ez duzue: Ipar Amerikako Estatu Batuak = Amerika osoa = Ingelesa = Amerikera. Bai, ezta? </oharra>
Askorentzat txikikeriak dira datu hauek: AEBetan bizi diren gehienak etorkinen senideak izatea, AEBek hizkuntza ofizialik ez izatea eta 60 milioi estatubatuar baino gehiagok ingelesa ez den beste hizkuntza bat hitz egitea.
Inperialismoak ikurrik balu, Coca-Cola lehenengo hautatuen artean legokeela zalantzarik ez da. Horretarako urte luzez meritu asko bildu baititu: kapitalismoaren sinbologia mundu osora zabaltzea, adiktiboa eta transgenikoa izatea, Coca Cola litro bat egiteko 3 litro ur behar izatea, planetari egindako erasoak, politikari genoziden kanpainak diruz babestea, gerrak diruz laguntzea edo langileen eskubideen kontra egitea. Ez, ez naiz Madrilgo PSOEkoek esandakoaz ari. 2003an Munduko Gizarte Foroak bere egin zuen Coca-Colaren aurkako nazioarte mailako boikotaz baizik. Kolonbiako fabriketako langileen eskubideak defendatzeagatik SINALTRAIL sindikatuko dozenaka sindikalista hil izanak piztu zuen.
Beraz, oraingoan, #BoycottCoke piztu duten argudioak ogi artean sartu, irentsi, ahaztu eta oihuka dezagun txioka dezagun: Coca-Cola, tragu txarra!