Bartzelonako M15en bideo honek berriro agerian utzi du Espainiako Estatuaren eta Israelen arteko kolaborazio estua. Egun munduan den apartheid sistema handienaren sortzaileak Estatuko instituzio publiko eta enpresa pribatuei formazio militarra ematen die. Tartean, Ertzaintzari eta Nafarroako Foruzaingoari.
Ikastaro hauek Guardian Homeland Security enpresak ematen ditu, zerbitzu sekretuek eta armada sionistak Palestinaren okupazioan ikasi dituzten “tekniketan” oinarrituta. Israel iparraldeko kibutz batean entrenatzen dituzte.
GHS enpresa Israelgo segurtasun indarretako zein armadako kide ohiek sortu zuten 2006an Madrilen. Goi kargudunei eskolta zerbitzuak eskaintzeaz gain, Espainiako Estatuko polizia eta armadari formazio ikastaroak ematen dizkie.
Enpresa honen kudeatzaile eta aurpegi publikoa Israelgo Segurtasun Zerbitzu Sekretuetako kide ohi Illan Arzooan da. Israelek Madrilen eta Kairon dituen enbaxadetan lan egin zuen, eta 2005ean Espainiako Kanpo Harremanetarako ministro Miguel Angel Moratinos sozialistaren segurtasun arduraduna izan zen.
Oso deigarria da enpresak Espainiako Estatuan dituen bezeroen artean, Hego Euskal Herrian aritzen diren indar armatu guztiak agertzea: Ertzaintza, Foruzaingoa, Guardia Zibila, Polizia Nazionala eta Armada. Baita Errege-etxea ere. Israelgo armagile nagusien produktuak ere saltzen ditu, Espainiako Barne Ministerioaren onarpenarekin.
Gogoratu beharra dago, Palestinaren okupazioa, beste ezeren gainetik, negozio handia dela Israelgo estatuarentzat. Adibide gisa, Guardian Homeland Security moduko enpresek 5.300 milioi euroko irabaziak izan zituzten 2010ean egindako esportazio militarrak medio.
GHS-k Youtuben sareratu dituen bideoetako batean, ikastaroan izena emateko arrazoi nagusi gisa ETAren mehatxua agertzen da. Adibide gisa, “Espainia Iparraldean” lan egiten duen polizia honen adierazpenak:
Israelen eta Ertzaintzaren arteko hartu-emana aspaldikoa da. Polizia autonomikoaren sorreratik bertatik Mossadekin (Israelgo Inteligentzia eta Operazio Berezien Institutua) harreman zuzenak izan dituzte. Kate hori ez da inoiz eten, beraz. Are gehiago, lotura hori sakona dela erakusten duten albisteak ere jaso ditugu azkenaldion.
Israelgo Estatuaren sorrerak 13.000 lagunen heriotza, 750.000 pertsonen deportazioa eta 532 herriren suntsiketa ekarri zuen. Indarkeria izan da Israelen sorrera eta indarkeria da Israelen sostengu 66 urte eta gero. Luze joko luke azaltzeak Palestina okupatu zuenetik, armada eta polizia sionistak palestinarren aurka erabilitako errepresio teknika guztiak. Adingabeen atxiloketak, torturaren legeztatzea, armadaren hamaika sarraski, Gaza sekula eraiki den kartzelarik handienetakoa bilakatzea, mundu osoan nazioarteko konplizitatearekin egin dituzten erailketa selektiboak eta abar luze bat.
Hori da Estatuko segurtasun indarrek ikasi beharko luketena. Ondo ikasi gainera, berriz gerta ez dadin. Arrazoi horiek ditu oinarri Israeli Boikot nazioarteko ekimenak. Palestinarren aurkako indarkeria ez dadin inorentzat negozio izan.
1 Iruzkin
[…] 3- Eusko Jaurlaritzak Israel lehentasunezko bazkide izendatu duela irakurri dugu, Basque Country kanpainaren barnean. Letra txikirik ez dakigu oraindik, baina orain hilabete batzuk jakin genuen Ertzaintza ere ibilia dela palestinarren aurka erabilitako teknikak ikasten. […]