Espainiako Polizia Euskal Herrian: Iparreko sindromea

Axier Lopez
4

1980ko hamarkadako ETAren ekintza armatuen erauntsiak eta gizartean errotutako “Alde hemendik!” leloak, Espainiako polizientzat presio eltze bilakatu zuten Hego Euskal Herria. Giro oldarkor horren baitan sortu zen iparreko sindromea. ETAren jardunari beldurra eta estresa, kuartel barruko erregimen militar zorrotza eta bazterketa soziala izan ziren gaitz honen osagaiak. Polizia eta haien senide askok Euskal Herritik kanpora leku-aldaketa eskatzea eragin zuen presio horrek. Tratamendu psikologikoa jaso behar izan zutenak ez ziren gutxi izan eta bakan batzuek suizidioaren hesia gainditu zuten. 1986an polizien begietan Hego Euskal Herriko giroa nolakoa zen azaltzen da TV3eko 30 minuts saioaren lan honetan.
Frances Reles, Guillem Roig eta Ramon Vallès egileak elkarrizketa anitzez baliatu ziren lan hau osatzeko: Intxaurrondoko guardia zibilak, tratamendu psikologikoa behar izan zuten polizia nazionalak, Santurtziko kuartelaren aurkako plataformako partaideak, jaioterrira itzultzea eskatzen zuten Iruñeko polizien emazteen koordinadorako kideak edo HBko jarraitzaile batekin ezkontzeagatik kartzelan egondako guardia zibila, besteak beste. Deigarria da erreportajeko protagonista batzuk ezagun bilakatuko zirela urteak pasata. Iparreko sindromearen existentzia bera ere ukatzen duen Angel Lopez Carrillo kaboa, kasu. Gipuzkoako gobernadore zibil eta GALeko kide Julen Elgorriagaren konfiantzazko laguna izateaz gain, bere testigantza gakoetako bat izan zen Lasa eta Zabalaren tortura eta hilketak argitu eta Galindo eta enparauak zigortzeko.
Pernandoren egia: 1986 ez da 2014
28 urte asko dira, eta gatazka politikoari dagokionean, are denbora luzeagoa. Esan gabe doa egoera politikoa zeharo aldatu dela, baina bada 1980ko hamarkadatik hona aldatu ez den faktorea: Euskal Herria da biztanleko polizia gehien duen Europako herrialdea. Bai 1986an (Ipar-Irlandarekin batera) baita ETAk borroka armatua alboratu duen garaiotan ere. Horren froga nabarmenak dira egun Euskal Herrian dauden Guardia Zibilaren 79 kuartelak, 23.800 polizia eta militarrak edo “Alde Hemendik!” mugimenduak gaur arte iraun izana. Egoera politiko berrian askorentzat ulertezina den salbuespen egoera honen ondorioak begi-bistakoak dira. Atzera luze egin gabe, iazko urriaren 12an izan genuen kasu deigarrienetako bat Altsasun. Sakanako herria gizon eta emakume armatuz josita esnatu baitzen, desmilitarizazio prozesua alde bakarrekoa izan dela altsasuar guztiei oroitarazteko.
Erreportajean azaltzen diren egoera eta mezu asko harrigarri egingo zaizkio lehendabiziko pertsonan bizi izan ez duenari. Eta gatazka ulertzeko egungo betaurrekoak erantzi gabe, behin baino gehiagotan surrealista. Izan ere, batzuentzat loriatsua eta besteentzat amesgaiztoa izandako urte horietan gertatutakoek marraztu baitzuten egungo egoera politiko eta sozialaren zenbait ezaugarri. Zentzu horretan, eta Espainiako poliziaren jardunaz ematen duen argazkia osatu gabea bada ere, garai hartako giro politiko trumoitsura hurbiltzeko baliagarria delakoan euskaratu dugu.

Erreportajeko pasarte esanguratsuak

“Nire senarra polizia dela ahalik eta gutxien esanda, hobeto. Nazkatuta gaude hemen egoteaz, hau guztia agoantatu beharraz.” (Polizia baten emaztea)
“Hona etorri eta urtebetera Lemoizen hasi ginen lanean. Ni garita batean bakarrik nintzen. Ez nuen inor alboan zortzi orduz, gauez eta leku ilun batean. Holaxe amaitu nuen… garitarekin hizketan.” (Tratamenduan psikokoa behar izan zuen guardia zibila)
“Herritarren %15k dio poliziak gaizki tratatu duela. Eta ñabarduretan sartuta, %0,53k diote, 7000 lagun inguru, poliziak torturatu duela. Hau oso datu ankerra krudela da, egia ala gezurra izanda ere. Herritarrek hala erantzutea baita oso gogorra.” (EHUko irakaslea)
“Nik 11 urte pasa ditut Donostian eta heldu nintzen bezain beldur naiz gaur egun ere. %97a, gutxienez, hemendik alde egiteko gogoz gaude. Ez dakigu ea gurekin jolasten ari diren ala gu hemen gaudela ahaztu duten. Jada egin nahi dugu alde! Ziztu bizian!.” (Polizia nazionala)
“Zergatik ez dute haiek polizia hemen nahi? Hau Espainiarena bada, polizia egon behar du, normala da. Gehien gustatuko litzaigukeena da haiek hemen utzi eta euren artean akabatzea.” (Polizia baten emaztea)
“Halere, hemen egotea nahiago dut aurkakotasun horren apur bat pasatzen, eta ez premia larrian behean (Espainan) egotea, ezta?” (Polizia baten emaztea)
“Nire ustez Franco hil zenetik  askatasun txikiagoa dago kuarteletan. Pentsa ezak!” (Guardia zibil ohia)
“Nik polizia baten integrazio saiakera pairatu nuen.Euskaltegian ikasten ari nintzen eta euskara ikasi bitartean integratzeko asmoa zuen polizia bat etorri zen. Guk ez genuen sinetsi. Horren aurrean berak, euskara ikasteko eskubidea aldarrikatzeko, gose grebari ekin zion, eta guk beste gose greba bat egin genuen poliziarik gabe euskara ikasteko eskubidea eskatzeko.” (Mamarigan Guardia Zibilak kuartela ezartzearen aurkako plataformako kidea)

4 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA