FARC-EP Kolonbiako erakunde armatuaren 50. urteurrena ospatzeko bideoklipa sortu dute gerrillarien eta Kubako Cuentas Claras rap taldearen artean. Kubako raperoez gain, abeslarietako bat Tanja Nijmeijer holandarra da, FARCen izenean Kolonbiako Gobernuarekin negoziatzen ari den taldeko kideetako bat. Bideoaren amaieran Kolonbiako bake prozesuaren aldeĀ hainbat hizkuntzatan idatzitako mezuak irakur daitezke, tartean euskaraz ere.
Bake prozesuari lotutako negoziazioak 2012ko urriaren 18an hasi ziren ofizialki eta, egun, FARC eta Kolonbiako Gobernua Habanan biltzen ari dira. Zentzu honetan, FARCek Kuban duen ordezkaritzak aukera probestu du bideo honen bitartez bake prozesuari bultzada mediatikoa emateko. Horren adibide da #YoApoyoLosDialogos Twitterreko etiketa; bake prozesuari atxikimendua adierazteko eta negoziaketetan azaleratzen ari diren oztopoak gainditzeko abiatu duten kanpaina.