Pascual Serrano kazetari valentziarraren “Traficantes de la información” liburuak izen abizenak jarri zizkion egunero kontsumitzen dugun informazio gehienaren atzean daudenei. BBVA, Repsol, Planeta taldea, La Caixa, Banco Santander, Telefonica edota paradisu fiskalak erabiltzeagatik, ogasunari iruzur egiteagatik, mafiarekin eta talde faxistekin dituen loturengatik eta Italiako bi epaileren aurkako atentatuan inplikatua izateagatik hamaika aldiz epaitu duten Silvio Berlusconi bera ere. Telezaborraren aitzindariaren telebista eredua, gurean ere oso presente izan da. Hasiera hasieratik…
EiTBk eta Berlusconiren Fininvest enpresak elkarlanerako akordioa sinatu zuten, ETB2 katea sortu eta urtebetera. EiTBren publizitate guztiaren kudeaketa enpresari (eta politikari) italiarrari, bakarrik, eman zioten, baita EiTBren saio eta filmen bilduma osoari sarbidea eskaini ere.
Multinazional handiek eta publizitate-agentziek kontrolatzen dute ikusten, entzuten eta irakurtzen duzun gehiena. Hedabide handien egitura eta banku eta enpresa handiekin duten lotura erakustea ez da erraza. Baina ezinbesteko salaketa da uste dugunontzat zintzoa eta anitza den komunikazioa, egiazkoa, eskubidea dela.
Zein da zein?
Prisa taldea ia erabat bankuena da. Aldi berean, Mediaset-en %45aren jabe da. Huffington Post-en %50arena eta Ser katearen %74rena. Ser, Grupo Godoren bazkidea da, La Vanguardia egunkaria editatzen duena. Espainiako Handiki batena, Godo kondearena da taldea.
Eskuin katolikoaren ordezkaria da Vocento. ABC, Diario Vasco, El Correo Español eta maila lokaleko beste zenbait hedabideren editorea da. BBVA eta mundu osoko eraikuntza enpresa nagusietako bat, Ferrovial dira haren jabeak, besteak beste. Hauek Radio Popularren partaidetza dute. Espainiako gotzain-batzarrarena da nagusiki irrati talde hori, baita 13TV telebistarena ere.
La Razonen jabea eta Atresmedia taldearen %47arena, Planeta da. Hau edo Grupo Z bezalako editore-enpresa handiek hedabide asko biltzen dituzte haien baitan. Baita Unidad Editorial ere. El Mundo, Marca edo Expansionen arduraduna. Era berean, Prisarekin gertatu bezala, inbertsio talde batek kontrolatzen du.
Bestalde, mota guztietako enpresarien esku dauden hedabide multzoa dago. Horietako batzuk PPren eskuinera daudenekin lotura dute. Libertad Digital eta Intereconomia taldea, kasu. Horietan Rodrigo Rato edo Mario Conderekin loturak aurkituko ditugu.
Ez dezagun ahaztu bada, arazoa ez dela komunikabide gehienak eskumakoak izatea. Arazoa da eskubide bat negozio bilakatu dutela.
Bideoan erabilitako bi erreferentzia nagusiak
– Una mosca en una botella de Coca-cola. Javier Cousok zuzendutako dokumentala, Pablo Iglesiasen gidoiarekin.
– Electroclass. Maria Ruido zuzendari galizarrak ETBren irudi-artxiboan arakatuta sortu duen dokumental aparta.