236 ume hil berri dituen herrialde baten izen ona garbitzea ez da lan erraza. Israelgo armadaren eledunek argudioen sorkuntza bonben jarioaren maila berean mantentzen badute ere, Israelgo gobernuak oraingoan oso zail jarri die lana sionismoaren ohiko lagunei. Saiatu ez direnik ezin uka, ordea. Sare sozialei begiratu azkar bat ematea besterik ez dago ikusteko Israelek baduela jarraitzaile multzo garrantzitsu bat. Egiten dutena egiten dutela, justifikatzeko prest agertzen den jendea dago, baita Euskal Herrian ere. Ikus dezagun, eztabaidaezinak diren argudio erlijiosoak alde batera utzita, zeintzuk diren sionismoaren ekintzak zuritzeko argudio nagusiak gure artean.
1) Israelek defenditzeko eskubidea dauka
Zalantzarik gabe, hau da argudio ofizial nagusia. AEBek eta Europar Batasunak, besteak beste, Israelen ekintza armatuen aurrean duten jarrera ofiziala baita. Honen adibide argia da beheko irudian dagoen Europar Batasunaren azken komunikatua. Israelgo muga ofizialetatik kanpoko zortziehun zibil baino gehiago hiltzeari, milaka familia ura, argindarra eta etxerik gabe uzteari eta nazioarteko legeen urraketa sistematikoari “defentsarako eskubidea” deitzen dio Europar Batasunak, Obamak egin duen gisa berean.
2) Guztiaren errua Hamasena da
Euskal Herrian oso ondo ezagutzen dugun estrategia muturrera eramanda. Gurean dena ETA da eta Palestinan dena dago Hamasen kontrolpean. Beraz, buru-eragiketa azkar baten bidez, palestinarrei eragiten dizkieten sufrikario guztiak palestinarren gain geratzen dira. Horren bultzatzaile nagusiak, jakina, Israelgo instituzioak dira. Argudio horren adar posible guztiak ikusteko onena Israelgo armadaren twitterra ikustea da, diseinu grafikoa eta guzti.
Palestinako historian Hamas mugimendu berri xamarra da. Beraz, galdera honakoa da: Hamas sortu aurretik Israelek egindako sarraskien erruduna zein da?
3) Palestinarren errua da Hamas bezalako mugimendu terroristak babesteagatik
Aurreko puntuari lotutako pentsaeraren garapena. Hamas Palestinan egindako azken hauteskundeen irabazlea izan bazen ere, herritarren hautu hori zerri askara bota zuen nazioarteko komunitateak Israelen presioari esker. Eta Hamasen ordez, Israelekin kolaboratzeko prest azaldu den Al Fatah alderdiari babesa eskaini zioten. Hau da, demokrazia burgesaren bidetik herriak hautatutakoa herritarrei eraso egiteko argudio bilakatzen da. “Biolentziaren bidetik ez da ezer lortzen, erabili bide demokratikoak” esaldi ezagunaren “mugak” non dauden ondo ezagutzen dute Palestinan.
4) Antisemita halakoa!
Honen arabera, Israelgo estatuaren ekintzak kritikatzeak Israel beraren existentzia zalantzan jartzea dakar. Eta hori judutarren aurkako gorrotoaren ondorioa besterik ez da. Motzean esanda, Israelen gerra krimenak kritikatuz, nazismoak hil zituen judutarren memoria iraintzen ari zara. Israelgo estatuaren doktrina hori dario Israelen Boikotaren aurkako manifestuari, Euskal Herrian dozena bat sinadura batu dituenari. “BDS nazioarteko kanpainaren azpian juduen aurkako gorrotoa dago” eta “horren bitartez Israelgo hiritarren eta orokorrean judu guztien aurkako estigmatizazioa” bultzatzen dela diote. Israelekin kolaboratu nahi ez izatea eta horren salaketa “gure gizarteetan zigorgabe onartzen ari diren delituzko jarrera arrazistak” direla diote. Hau da, Israelek maila juridikoan indarrean sartu dituen legeei jarraituta, Israelgo apartheidaren aurkako salaketa aktiboa delitu bilakatu nahi dute manifestu horren sinatzaileek.
Jatorri judua duen Norman Finkelstein idazle estatubatuarrak oso ondo azaldu zuen antisemitismoaren teoria hau The Holocaust Industry: Reflections on the Exploitation of Jewish Suffering (Holokaustoaren industria: Judutarren sufrimenduaren erabilpenari buruzko hausnarketak) liburuan. Boas Evron idazle israeldarrak honakoa adierazi zuen gai honetaz galdetuta: “Holokaustoaren gaineko kontzientzia propaganda ofizialaren doktrina besterik ez da. Kontsignen eta mundua ikusteko era faltsuen ekoizpen masiboa. Iragana ulertzen lagundu baino orainaren manipulazioa baizik ez dute bilatzen”. Beste era ez hain akademiko batez azaldu dute antisemitismoaren gaia Juice rap newseko lagunek bideo honetan:
5) Gerra guztietan holako gehiegikeriak gertatzen dira
Israelekin negozioak dituzten alderdien ohiko jarrera da hau. EAJren prentsa-ohar hau, kasurako. Bi aldeek gauza txarrak egiten dituztenez adierazpen publiko aseptikoak egiteko beta ematen dizu. Ekidistantziaren izenean, zapaldua eta zapaltzailea maila berean jarriz. Halere, mila aldiz errepikatutako gezur bat egia bilakatu daiteke, baina errealitatea oso burugogorra da:
6) Israelek Gaza palestinarren esku utzi bazuen ere koheteak jaurtitzen jarraitzen dute
2005ean Ariel Sharon gobernuburu zela Gazaren deskonexiorako plana onartu zuen Israelgo Parlamentuak. Plan horrek bi ondorio nagusi izan zituen: Gazako koloniak eraustea eta Israelgo armada Gazatik kanpora eramatea. Plan horren bitartez Gaza palestinarren kontrolpean utzi zutela diote israelzaleek baina errealitatea guztiz bestelakoa da. Israelgo armadak lurrez, airez eta itsasoz blokeatuta dauzka Gazako muga guztiak, Egiptokoa salbu. Zer eta zein sartu edo ateratzen den Israelgo armadaren esku dago. Blokeoak eraginda nazioarteko laguntza humanitarioari esker bizirauten du Gazan bizi diren milioi eta erdi lagunen gehiengoak. Hori dela eta, munduko kartzelarik handiena deitzen diote askok Gazari.
7) Herrialde arabiar gehienek ez dute palestinarren alde egiten
Mundua zuri edo beltz ulertzearen ondorioa dela dirudi argudio honek. Palestina inguruko herrialde arabiar gehienek Israelgo barrabaskeriak salatzen badituzte ere, egia da maila praktikoan ezikusiarena egiten dutela; herrialde horietako herritarren gehiengo zabal baten iritziaren kontra. Batzuk aipatzearren, Jordaniako, Egiptoko edo Libanoko gobernuen jarrera haien kasta politikoari jaten ematen dionaren berdina izaten da. Hau da, AEBek jarritako musikaren dantzari jarraitu besterik ez diote egiten. Baina, gauzak horrela, argudio hau palestinarren aurkakoa al da? Ala Ekialde Hurbilean kanpoko potentzien interes geopolitikoez ohartarazteko egia?
8) Herri palestinarra ez da inoiz existitu
Zertarako eztabaidatu, den-dena ukatzerik badago, ezta? Israelgo Estatuaren sorreraren aurretik sionismoaren leloetako batek ondo laburbiltzen du argudioa: “Jenderik gabeko lurra, lurrik gabeko jendearentzat”. Baina begi-bistakoa denez Palestinan palestinarrak bizi ziren lehen eta bizi dira gaur egun ere. Israelgo Estatuaren sorreran palestinarrak bidaltzeko Dalet Plana diseinatu zuten. Palestinar guztiak beldurtzea, herriak setiatzea eta populazio guneak bonbardatzea aurreikusten zuen planak. 1948an zenbait herri arabiarrekin hasitako gerraren aurretik ere, 800.000 palestinar egotzi zituzten sionistek Palestinatik. Ondoren etorriko zena ere ez zen goxoagoa izango: zigor kolektiboaren sakontze etengabea.
9) Israeldarrek eta palestinarrek bakean bizi behar dute, bakoitzak bere estatua behar du
Israelgo Estatuaren izaera sionista aipatu nahi ez dutenen argudio nagusia da. Gure artean azken egunetan Noa abeslari israeldarraren ahotik entzun dugu. Askok konponbide progretzat hartzen dute, nolabait palestinarrei autodeterminazio eskubidea aitortzen zaielako. Planteamendua da gatazka konpontzeko gaur egun dagoen egoeratik abiatu behar dela, iraganean gehiegi arakatu gabe. Zein da arazoa, ordea? Arazoa da Israelgo armadaren beldurrez, gerratik ihesi haien etxea utzi behar izan zuten 6 milioi palestinarri itzultzeko eskubidea ukatzen zaiela, Noak dioen moduan “israeldar estatus judutarra kolokan jarriko luketelako judutarren hizkuntza, kultura…”. Arazoa da Zisjordaniako 500.000 kolono israeldarrekin eta harresiarekin zer egin aipatzen ez delako. Arazoa da Israelgo estatuaren barruan bizi diren palestinarren bazterketari muzin egiten zaiolako. Izan ere, arazoa ez baita Israel edo Palestina. Arazoa sionismoa da. Beste komunitate baten zokoratzean oinarritutako proiektu politikoa hegemonikoa izatea da arazoa. Horretxegatik askok uste dugu Gazako kartzela eta Zisjordaniako gruyère gazta batuko dituen Estatu baten sorrerak ez duela konponbidea ekarriko zonaldera. Eskakizuna zilegi bada ere, noski.
10) Palestinarren eta arabiarren errua da, 1948ko gerran ez zutelako Israelek eskainitakoa onartu
Hamar argudioen artean berriena dugu honakoa eta niri pertsonalki gehien gustatzen zaidana, haren originaltasunagatik. Maltzurkeria intelektual honen sorkuntza Diario Vascoko Alberto Moyanori zor diogu. Hau da bere oinarri ideologikoa: Israelek Palestina militarki okupatu eta ehunka milaka palestinar haien herrietatik egotzi ostean, 1948an injustizia honi aurre egiteko Egipto, Jordania Irak eta Siria batu ziren palestinarrekin batera Israelen aurka egiteko. Koalizio arabiarrak guda galdu zuen baina ez zituzten Israelek jarritako baldintzak onartu nahi izan. Baldintzetako bat lur palestinarren erdia Israeli ematea zen. Gaur egun lur palestinarren erdia baino askoz gehiagoren jabe da Israel. Eta hain zuzen ere, egoera hau palestinarren eta arabiarren errua da Moyanoren ustez, 1948an haien lurren erdia oparitu nahi ez izanagatik. Garai haietan palestinarren historiako egunik beltzena eragin zuenaren aldetik oso eskaintza ona ei zen eta.
1 Iruzkin
[…] ziren munduko kartzelarik handienean. Mendebaldeko “gobernu demokratikoen” aterpean, inpunitatearen aparretan goxo, Israelek Gaza suntsitu zuen, beste behin […]