Zeinek nahi du Afrika salbatu? Gobernuz kanpoko erakundeen elkartasun zuriari ziria

Axier Lopez
5

Injustiziak ulertzeko laguntzen al dute testuingururik gabeko muturreko pobreziaren irudiek? Bidegabekerien kontura negozio egitea zilegi al da? Gure frustrazio indibidualak zuritzeko aitzakia onak al dira GKEak Afrikan? Boluntarioen estereotipoez mintzatzeko aitzakia ederra da “Zeinek nahi du boluntario izan?” kanpaina.
Ahora zer eraman ez duten euliz inguraturiko umeek errukitzen gaituzte. Horiek koskortutakoan ordea, hunkitzen ei gaituen pobreziatik ihesi, gure lurretara sar ez daitezen hesiak eraikitzen ditugu. “Save The Children“, baina helduak utikan. Futbolari onak ez badira, bederen. Ulertzen ez dugun sarraski odoltsuren bat gertatuz gero, nori galde? Zonaldean zurien jainkoaren onurak barreiatzen dituen jesuita errukarriari. Lagun dezagun afrikarren hezkuntza hobetzen: “Pertsona bat, ordenagailu bat”. Kreditu txartelarekin ala eskura? Ai, Afrika! Inoiz ikusi ez ditugun haren paisaiak hain dira ederrak! Hain exotikoak bere animaliak gure zoologikoetan. Zentzurik gabeko gerren erdian hizkuntza ulertezinetan mintzo ez balitz hango jendea! Hango diktadoreek gure garapen ereduaren onurak ukatzen dizkietelako pobreziak edo HIESak jota hiltzen dira Ghanan edo Bostwanan, Nigerian edo Liberian. Indarkeria arbuiagarria da datorren lekutik datorrela, aizu! Baina haien arteko odol isuriek ez ditzaten gure multinazionalen azpiegiturak busti, bidal diezaiegun gure armada. Izan ere, ontasun zuriak ez baitu mugarik ezagutzen. 0’7raino bederen.
Heroi zuriari eztenkada
Afrika eta Lehen Munduaren arteko ezberdintasun politiko-ekonomikoek elkar-loturarik ez dutela pentsatzea da afrikarrak salbatzera doazen heroi zurien printzipio nagusia. Batzuk pobre eta beste batzuk aberats jaio izana, ausari dagokion hautua bailitzan. Eta jakina, patuari aurre egiterik ez dagoenez, zortea izan dutenen egitekoa besteei janaria edo dirua ematea da. ‘Salbatzaile’ hauen estereotipoak muturrera eramanez, elkartasun asistentzialaren kontraesanak agerian uztea –eta barre egitea– da Who Wants To Be A Volunteer? kanpainaren xede nagusia.
“Gosea eta pobrezia itsusiak direnez, jendea zer edo zer egitera animatzen dute. Halere, jakintzan oinarritutako konpromisoa antolatu behar dugu. Estereotipoetatik kanpo. Pobreziari eta garapen bertikalari eratorritako arazoei aurre egiteko asmoz dirua biltzen duten kanpainen mezuak eta moldeak aldatu behar ditugu”, diote sare sozialetan aise zabaltzen ari den bideoaren sortzaileek.
Berogailu Herdoildua Sariak
Kanpaina hauen atzean Rusty Radiator sariak daude. Iaz banatzen hasi ziren sari hauen helburua da, batetik, haien ustez ikuspegi egokia (urrezko sariak) duten komunikazio kanpainak saritzea eta bestetik, elkartasun asistentzialaren praktika txarrak (herdoilezko sariak) agerian uztea. “Hau ez da Afrikara boluntario gisa joateko gogoz dagoen gazte horri egindako kritika. Altruismoaren zentzu moralik gabe, karitatearen izenean Afrikara joateko joera –geroz eta handiagoa dena– parodiatzen dugu”, dio sarien antolatzaileetako batek webgunean. Hitz horiek hobeto ulertzeko honatx iazko eta aurtengo bi adibide:
2014ko herdoilezko saria irabazteko hautagaietako bat:
2014ko urrezko saritua izateko hautagaietako bat:
2013an herdoilezko saria eraman zuenetako bat:
2013ko urrezko sarituetako bat:
Norvegiako Ikasle eta Akademikoen Nazioarteko Laguntzarako Funtsa (SAIH) proiektuak bultzatu ditu sari, bideo eta kanpaina horiek. Sare sozialen bitartezko komunikazioan sorkuntza eta berrikuntza sustatzeaz gain, Afrikarekiko ditugun aurreiritziak lantzea da beren ardatz nagusietako bat. GKEen estereotipo klasikoenak biltzen zituen Afrika Norvegiaren alde kanpainaren bitartez lortu zuten ezagutara ematea lehendabiziko aldiz, pobreziaren aurkako kanpaina guztiek ‘ezinbestean’ izan behar duten abeslari aberatsen abestiari buelta emanez:
Baina haien jardunari iaz zabalpen handia eman zion lana Afrika salba dezagun! kanpainako bideo mundial hau izan zen:

Egia da, halaber, kanpaina honen helburua elkartasun asistentzialaren ikuspegia humanizatzea dela baina GKE gehienen rola epaitu gabe. Baina aitortu beharra dago umorearen bitartez, eskasien kontura negozioa egiteari kritika zorrotza egiten diotela.
GKE: Gobernuz Kanpoko Gobernuko Erakundea
Kenian bakarrik 4.000 GKE baino gehiago daudela kalkulatzen da. Gehienak Europakoak izanik ere, ba al dakigu sikiera Kenia mapan kokatzen? Ba al dakigu GKE gehienen lana nola gauzatzen den edo gauzatzen ote den? Komunikazio kanpainez harago, lagundu nahi bide duten herrialdean zer eragin duten ba al dakigu?
GKEak erakunde akritikoak dira orokorrean. Pobreziarekin amaitu nahi dute baina pobrezia horren egiturazko arazoei heldu gabe. Pobrezia zerutik eroritako gaitza bailitzan, Europa eta AEBtako klase politiko eta finantzarioaren ardurak saihestuz. Nazioarteko aferei dagokionez gobernu kapitalisten lotsak estaltzeko maskarak direla esan liteke.
Kapitalismoaren logikak, bizitzaren gainerako esparru guztietan egin izan duen legez, elkartasuna ere negozio bilakatu du. Europak eta AEBk sustatuta, urtero milioi andana mugitzen dituen negozioa da GKE gehienen lana. Milaka laguni lana ematen diote eta, albistegiak ikustean sarri azaldu ezin dugun frustrazioari arnasbide erraz bat eskaintze dio beste askori. Lehen Mundu honen baieztapen kolektibo autokonplazienteak dira, bizi gaituen eredu ekonomiko hiltzailearen biktimei pasibotasun goxoa eskainiz. Euskarak ez du solidario esateko hitzik. Elkartasuna praktikara eramatea elkarren arteko kontua delako. Elkartasuna. Askoren indibidualismoa da GKEek eskaintzen diguten elkartasun perbertitua. Eta Afrikari dagokionez perbertsioak bere aurpegirik maltzurrena erakusten du.

5 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA