2014 urtearen amaiera Palestinan, argazkitan

Axier Lopez
0
Abenduak 31. Gazte palestinarrak futbolean Gaza hiriko Shujaiya auzoan, Israelgo armadaren bi hilabeteko erasoaldiak udan suntsitu zituen etxeetako hondakinen artean. (Ashraf Amra / APA images)

Urte amaiera berezia izaten da munduko txoko guztietan. Baina gatazka armatua, okupazioa eta apartheidaren ondorioak egunero bizi duenarentzat oraindik bereziago egiten da urte aldaketa. Hurrengoa hobetuko den itxaropenagatik, akaso.
2014ko abenduaren laburpen grafikoa egin du The Electronic Intifada agerkari independenteak. Gazan, Zisjordanian eta Israelgo Estatuaren mugen barruan bizi diren palestinarren irudiak bildu dituzte. Horrekin batera palestinarrentzat urte beltza izan den 2014ko zenbait ondorio ere zabaldu dituzte. Horien hautapen bat ekarri dizuegu hona.
Nazio Batuen Giza Eskubideen Aferetarako Bulegoak (OCHA) erakundeak zabaldu ditu ondorengo datuak:
Gazako setioa
Udan Israelgo armadak ia bi hilabetez bonbardatu zuen Gaza. Israeldarren bonbek 2.257 palestinar hil zituzten, horietako 539 umeak ziren. Abuztuaren 26an su-etena adostu zuten baina Israelek egunero urratu du. Israelek eta Egiptok Gazako sarrera eta irteerak itxita mantentzen dituzte. Horren froga gisa, abenduan Rafahko gunetik 428 lagun irten ziren eta 21 baino ez ziren sartu Gazara. Konparaziorako, 2013an Egiptoko Gobernuak Rafahko sarbidea ireki zuenean batez beste 4.300 lagunen sartu-irtenak izan ziren.
Zisjordania okupatuan
2014an Israelgo indar armatuek 50 palestinar hil zituzten, horietako 12 umeak ziren. 2013ko hilketa kopurua bikoiztu da. Israelgo armadak astero batez beste 113 palestinar zauritu zituen 2014an. 2013n 72 izan ziren asteko. 2014ko zaurituen %20 umeak (1.190) izan ziren. Ume palestinarrei eragindako zauri horien %20 “egiazko balek, plastikozko balek, gas negar-eragileak eta eraso fisikoek” eragindakoa da.

Abenduak 2. Israelgo soldaduak Zisjordaniako Hebrongo checkpoint batean harrizko blokea ezartzen. Checkpoint hori astebetez itxita egon zen, palestinarrek molotov koktelak jaurtitzeagatik. (Oren Ziv / ActiveStills)

Abenduak 3. Jerusalemgo Shuafat errefuxiatu eremuan Israelgo Poliziak palestinar bat atxilotzen. auzoko dendak ez eraisteko protestetan. Baimenik gabe eraiki izanaren aitzakian Israelgo armadak dendak eraisten ditu. Palestinarrek baimen horiek eskuratzea oso ezohizkoa da. (Oren Ziv / ActiveStills)

Abenduak 3. Jerusalemgo Shuafat errefuxiatu eremua isolatzen du Israelek eraikitako harresiak. Bloke berri bat ezartzen. (Oren Ziv / ActiveStills)

Abenduak 4. Gaza hiriko al-Shifa ospitaleko langile bat. Garbitzaileak greban izan ziren Zisjordaniako Ramallahn dagoen gobernu palestinarrari jaso gabe dituzten soldatak exijitzeko. (Mohammed Asad / APA images)

Abenduak 5. Gazte palestinarrek Israelgo armadaren jeep bati bidea eragozten Zisjordaniako Salem herrian, Nablusetik gertu. Kolonoentzako (soilik) errepidetik haragoko lurrak erein eta landu ahal izan zituzten Palestinako nekazariek lehen aldiz azken 14 urteetan. (Ahmad Al-Bazz / ActiveStills)

Abenduak 10. Israelgo soldadu batek agure bati ostikoa jotzen Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira Turmus Aya herrian (Ramallahtik gertu) antolatutako protestetan. Egun horretan 3 gazte palestinar tiroz hil zituzten eta Ziad Abu Ein ministro palestinarra jipoituta eta gas negar eragilea arnastuta hil zuen Israelgo armadak. (Yotam Ronen / ActiveStills)

Abenduak 12. Palestinar bat Israelgo armadaren aurka harriak botatzen Ramallahko Ofer espetxe militarretik gertu izan ziren istiluetan (Shadi Hatem / APA images)

Abenduak 14. Qassam Brigadetako kideak Hamasen 27. urteurrena ospatzeko Gaza hirian antolatu zuten desfile militarrean. (Ashraf Amra / APA images)

Abenduak 19. Israelgo soldaduak oldartuta palestinarren eta nazioarteko elkartasun ekintzaileen kontra. Ramallahtik gertuko Turmus herriko kolonien aurkako protestetan. (Shadi Hatem / APA images)

Abenduak 22. Tulkarem hiriko langile palestinarrek lanera joateko egunero Shaar Efraim checkpointa igaro behar dute. Aurreko egunean, umilazio horren aurkako greba antolatu zuten milaka langile palestinarrek. (Oren Ziv / ActiveStills)

Abenduak 23. Emakume palestinarrak, pasaportea eskuan dutela, Gazako Rafah mugaldeko pasabidean. Bi hilabetez itxita egon zen. (Ashraf Amra / APA images)

Abenduak 23. Negev desertuko Sawa beduinoen herrian familia bat bere etxea suntsitzen. Israelgo Poliziak zazpi familiari beren etxea suntsitzeko agindu zien, Poliziaren erasoak edo isunak jasotzeko mehatxupean. (Yotam Ronen / ActiveStills)

Abenduak 24. Palestinarrak Zisjordaniako Nablus hirian. (Nedal Eshtayah / APA images)

Abenduak 25. Palestinarrak Israelgo bonbek hildako senide baten argazkiarekin, Gaza hiriko Shujaiya distrituan. Eraikuntza materiala Gazara sartzea debekatuta dago. Beraz, Israelen esku dago berak suntsitutakoa berreraikitzeko aukera. (Ashraf Amra / APA images)

Abenduak 28. Muhammad Abed, Jerusalem ekialdeko Issawiyeh auzoko 5 urteko umea ospitalean ebakuntza egin ostean abenduaren 28an. Israelgo Mugetako Poliziaren plastikozko bala batek begian jo zuen, etxe aurrean ikastetxeko autobusetik jaisten ari zela. (Tali Mayer / ActiveStills)

Abenduak 31. Gazte palestinarrak futbolean Gaza hiriko Shujaiya auzoan, Israelgo armadaren bi hilabeteko erasoaldiak udan suntsitu zituen etxeetako hondakinen artean. (Ashraf Amra / APA images)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA