Fadi Alloun, poliziak odol hotzean hil duen azken gazte palestinarra

Axier Lopez
2

19 urteko gazte palestinarra Israelgo poliziak hiltzen duen unearen irudiak dira, Jerusalemgo biztanle batek sarera igotakoak. Kolono bat labainkatu izanaren susmoa zeukatelakoan, Israelgo poliziak igande goizaldean, urriaren 4an, tiroz hil du Alloun. Artikulu hau idazten ari garen unean, Alloun eta kolonoaren hilketaren arteko loturarik erakusten duen frogarik ez da azaldu.
Aurrena tiroa, atzetik galdera
Bideoan argi ikusten da nola atzetik segika zituen kolono israeldarrek poliziei eskatzen dieten gazteari tiro egiteko: “Tiro egin, terrorista da eta!”. Gaztea armarik gabe badago ere eta jarrera oldarkorrik adierazi ez badu ere, poliziak tirokatu eta kalean hilotz utzi du inguruko kolonoen oihuen artean: “Sasikumea”, “terrorista”, “akatu ditzagun arabiarrak!”.  Ondoren poliziaren ofizial batek zera galdetzen du: “Non dira zaurituak?” Alegia, susmagarria hil ondoren etorri dira balizko delituaren inguruko poliziaren galderak.
Fadi Allounek Facebookera igotako argazkia:

Isralego armada Fadi Allounen etxera sartzeko operazioaren berri ematen ari zen Al-Mayadeen kateko kazetari Hanaa Mahameeden atzo. Telebistarako emanaldia egiten ari zen bitartean,  kazetariak bilduta zeuden lekura Isralego armadak jaurtitako zarata-bonba batek aurpegian zauritu du. Horrela jaso dute inguruko kazetariek erasoa.

Egun berean gisa honetan agertu zen Mahameeden telebistan erasoaren berri emateko.

Palestinari gaina hartu dion giro oldarkorraren bi lagun besterik ez dira bi kasu hauek. Azken egunotako kolonoen aurkako erasoek eta palestinarren atxiloketek, hilketek eta mugimendu askatasunaren aurkako neurriek aditzera ematen dute datozen egunak oso beroak izango direla Palestinan.

2 Iruzkin
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA