Azken 24 orduetan Israelgo indarrek hil duten bigarren gaztea da Abdel Rahman Obeidallah. Betleemgo Aida errefuxiatu eremutik gertu, inguruan manifestari eta polizien arteko istiluak gertatzen ari zirela, Israelgo Poliziak lepoan jotako tiro batek hil du 13 urteko palestinarra.
Israelgo Poliziak, odol hotzean eta inguruko israeldarren oihu artean, hil duen 19 urteko gaztearen kasuaren berri eman eta 24 ordu pasa ez direla, beste gazte palestinar bat hil dute, azken hori ere tiroz. Azken egunotan Palestinako lurralde okupatuetan gailendu izu-giroaren azken gertakari larria izan da. Palestinako eta nazioarteko zenbait eragile hirugarren Intifadaren hasieraz hitz egiten hasi dira.
Hilaren 1ean, Nablus hiriko inguruetan, bi kolonoren hiletak Israelgo Gobernuaren beste oldarraldi bat piztu du palestinarren aurka. Orduz geroztik kaleko liskarrak ohiko bilakatu dira lurralde okupatuetan. Azken hiru egunetan 500 palestinar inguru –horietako 41 balak zaurituta eta beste 153 gomazko pilotek eragindako zauriak zituzten– artatu behar izan dituzte zerbitzu medikuek. Zenbait auzo eta herritako sarrerak Israelgo checkpointek kontrolatuta daude, Jerusalemgo Alde Zaharra barne. Gau guztietan izan dira atxiloketak, bart hamaika lagun Jenin, Nablus eta beste herri batzuetan –tartean hainbat adingabe–. Nablusko bi kolonoen hilketarekin lotuta, hilaren 5ean, Israelgo Poliziak Hamasekin ustez lotutako bost lagun atxilotu ditu.
Israelgo indar bereziek –armatuta, kalez jantzita eta aurpegia estalita– igandean, hilaren 4an, Nablusko ospitalean artatzen ari ziren palestinar bat atxilotu dute, berriki zabaldu den bideoan ikus dezakegunez.
Bien bitartean, Gazan, bi suziri jaurti ditu Palestinako erresistentzia armatuak Israelgo hegoaldera. Ez dute inolako kalterik eragin. Jihad Islamikoa muturreko mugimendu islamistaren eledun Jader Habibek adierazi du, erresistentzia armatuari dagokionez, aukera guztiak irekita dituztela eta Zisjordanian ekintza suizidak egingo dituztela.
Israelgo eskuin muturraren ‘erasoaldia’
Hilaren 5ean, eskuin muturreko milaka israeldar Netanyahuren etxearen aurrean bildu dira, Likud alderdiko Yariv Leninen deiari jarraiki. Azken gertakari biolentoen errua Palestinako Aginte Nazionaleko Presidente Mahmoud Abbasi egotzi diote eta, horri erantzunez, Zisjordanian kolonia gehiago eraikitzeko baimena eskatu dute.
Bejamin Netanyahuk legea gogortuko duela adierazi du. Zentzu horretan Israelgo Justiziak delitugiletzat dituen palestinarren etxeak orain baino azkarrago eraistea ahalbidetuko duen legea indarrean jarriko du.
1 Iruzkin
[…] hastapen gisa definitu du. Horri buruzko informazio gehiago bi artikulu hauetan: – Indarkeriak ez du etenik: 13 urteko palestinarra tiroz hil dute – Fadi Alloun, poliziak odol hotzean hil duen azken gazte […]