Abuztuaren 1eko Teleberrian ARGIAren azken aldizkarian argitaratu dugun euskal izendegiari buruzko erreportajea eta analisia izan dituzte hizpide. Etxean semearen izenarekin bizi izan dugun kasuari buruzko albistean, Euskaltzaindiko kide batek aitortu du izendegia sortzeko erabili dituzten irizpideak zalantzazkoak direla.
“Espainiako legeak esaten du neska eta mutil izenak bereizi behar direla. Hor irizpide batzuk behar dira, baina oso zaila da. Oso zaila batzuk toponimoak direlako eta beste batzuk hitz arruntak eta hitz arruntek ez dute generorik, genero gramatikalik. Ulertu behar dute oso gai zaila dela eta harrapatuta gaudela”.
Euskaltzaindiko kidearen (ez dakigu bere izena, erreportajean ez dute gehitu) hitzak berrestera datoz hainbat talde feministak, euskalgintzako kidek eta, oro har, herritar askok aspaldi salatzen zutena: sexuaren araberako bereizketak euskaraz ez du zentzurik. Toponimoei eta hitz arruntei zakil edo alu zantzurik bilatzea oso zaila da –ezinezkoa ez esatearren– genero gramatikalik ez duen hizkuntza batean.
Halere, oso bestelako jarrera adierazi zuen Euskaltzaindiak pasa den astean argitaratu zuen “Sexuaren isla, euskal izenetan” artikuluan. Beraienak “aholkuak besterik ez direla” berretsi eta beren izendegiaren balio linguistikoa defendatzeko argudioak plazaratzeaz gain, ondorengoak adierazi baitzituzten:
– “Hiztunen erabilera aztertzen du, eta ez da, zentzuzkoa den bezala, eztabaida politikoetan sartzen”.
Alaba-semeei nahi duten izena jartzeko gurasoek topatzen dituzten trabak eztabaida politikotzat jotzen dute, Euskaltzaindiak izendegia “Espainiako legediak behartuta” egin duela argudiatzen duelako. Bereizketa egiteko hiztunen erabilera aztertu dutela diote. Beraz, Lur, Iraitz, Aratz, Amaiur edo “berriagoak” diren dozenaka izenen erabilera mistoari muzin egin diotela ondorioztatu behar dugu.
– “Gurean gaur egun sexua dela-eta arazoa sortzen duten izenak banaka batzuk baino ez dira: Aiuri, Maren, Amaiur”.
Izen batek arazo bat nola sor dezakeen azaldu beharko ligukete. Agerikoa da, euskal herritarrek urteetan inori arazorik sortu gabe, naturaltasunez erabili dituzten izenak “arazo” bihurtu dituztela izendegia sortzearekin batera.
– “Inoiz jendea kexu da, banaketa hau sexista delakoan, baina kontrako eskabideak ere jaso ditugu: semeari edo alabari jarritako izena beste sexua dutenei debekatu behar zaiela uste dutenenak alegia”.
Euskaltzaindia gezurretan ari dela esatea atrebentzia litzateke, baina halaber, erratzeko inongo beldurrik gabe, esan dezakegu, beren banaketa sexistak arazo bezala bizi dutenenak eta semeari eta alabari Lur izena jartzeko aukera edukitzearen aurka daudenak parekatzea. Eta hala balitz, mesedez, sexuaren araberako debekuen alde inoiz publikoki hitz egin ez duten horiek azal ditzatela beren argudioak, eztabaida ganoraz eman ahal izateko.
Agerikoa da Euskaltzaindia barruan ere jarrera kontrajarriak daudela. Baina izendegiaren defentsan agertzen diren euskaltzain horien argudio nagusia oso eztabaidagarria da.
Batetik, fokua Espainiako legearen gainean jartzea erantzukizuna zuritzeko ariketa da. Euskaltzaindiaren lan-esparrua euskararen herria da eta beraz, Euskal Herri osorako baliagarriak “gomendioak” pentsatu eta proposatu behar dituzte. Euskaltzaindiak izenen aferan bere burua Espainian kokatu du eta Ipar Euskal Herriko lagunei ere Espainiaren legearen ondorio, gure ustez, injustuak irentsarazi die. Euskarak aurrera egiteko Espainiako legediak ezarritako bidetik joan behar badu, has gaitezen bada, Mozal Legea, Lomce edota hil arteko espetxe zigorraren gisako legeei darien “justizia“ ereduaren arabera pentsatzen.
Bestetik, “gomendioak” baino ez dituela proposatzen esatean, beren burua errealitatetik kanpo kokatzen ari da Euskaltzaindia. Hori diotenek oso ondo baitakite epaitegietako arau/agindu bakarra dela funtzionarioek Euskaltzaindiak dioenaren arabera jokatzea. Eta hor dute oztopo nagusia gurasoek.
Legeak lege, bada garaia gaiari naturaltasunez heltzeko eta herritarrekin batera birplanteatzekoa.
Euskaltzaindia: "Oso zaila da izenetan neska eta mutilen arteko bereizketa egitea, harrapatuta gaude"
Axier Lopez
0